Atxondoko Udalak Euskalerria kaleko bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu asteon. Zehazki, proiektuaren helburu nagusia kale horretako 3. zenbakian bizi direnen eguneroko mugikortasuna erraztea da, udalak ohar batean azaldu duenez.
Lanak bi fasetan banatuko dira. Lehenengo fasean, igogailu publikoari tarteko solairu bat aterako zaio, bizilagunek igogailutik zuzenean sarbidea izan dezaten euren portalera. Horrez gainera, atzeko aldean, frontoiaren eta elizaren artetik doan bidexka soportalera arte luzatuko da, ohatilak edo anbulantziak bertara errazago ailegatzeko. Bidexka hori asfaltatu eta hobetu egingo da eta ingurua ere urbanizazituko da, berdegune batzuk sortuz, besteak beste.
Lanak Estudios y Obras Rekalde enpresari esleitu dizkio udalak. Aurrekontua 223.426 eurokoa da, eta horietatik 26.881 euro diru-laguntza bidez estaliko dira. Lanek lau hilabeteko egikaritze epea dute.
Bigarren fasean, aparkaleku berriak
Bigarren fase batean, urbanizazio lan gehiago egingo dira eskola eta eliza inguruan. Horrez gainera, BI-4332 errepidetik eskolara doan bidean, alde bateko espaloia kendu eta aparkaleku berriak sortuko dira bertan.
“Proiektu honekin, bizilagun askoren egunerokoa erraztu, eta aldi berean, ingurua atseginago eta erabilgarriago bihurtu nahi dugu”, adierazi du Joseba Urresti hirigintza arloko zinegotziak.