Anboto KB, Sorginen Lasterketa eta askotariko ekintzak batuko ditu Atxondoko I. Mendi Asteburuak

Joseba Derteano 2025ko ira. 30a, 10:30

Iazko Sorginen Lasterketako irudia.

Hitzaldiek, film emanaldiak eta umeentzako tirolinak osatuko dute egitaraua urriaren 3tik 5era. Asteburu pasa egiteko furgoneta eta autokarabanentzat espazio bat egokituko dute Apatako eskolan.

Atxondoko I Mendi Asteburua ate joka dago. Aurten  Sorginen Lasterketak eta Anboto Kilometro Bertikalak asteburu berean batu dituzte proba biak eta egitaraua bestelako ekintzekin jantzi dute. 

Anboto Kilometro Bertikalak 16. aldia egingo du larunbatean. 10:00etan hasiko da, Arrazolan. Parte hartzaileek Anboto mendiko tontorrera igoko dira biderik laburrenetik: 1.092 metroko igoera, 3,9 kilometrotan. Igoerako errekorrak Marco de Gasperi italiarrarenak (37.14) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñarrarenak (45.59) dira. 

Igandean Sorginen Lasterketak hartuko du testigua, Axpen. Nobedade nagusia hauxe da: lasterketa luzeaz gainera (22 km) laburra ere antolatuko dute lehenengoz: 11, 6 km eta 890 metroko desnibela. Biak Euskal Herriko Koparako puntuagarriak dira: luzea, nagusietan eta laburra, gazte mailetan. Aurten ere Etiketa Berdearen zigilupean lehiatuko dute.

Hitzaldiak, emanaldiak eta gehiago

Egitaraua ez da lasterketetara mugatuko. Esaterako, ostiralean hitzaldi bana eskainiko dute Garazi Abasolo nutricionista eta korrikalariak eta Itsasne Blanco kirol psikologoak Apatako eskolan. Larunbatean, berriz, Mattin Iñiguez parapentelariak X-Alps lehiaketako irudiekin egindako film laburra eskainiko dute. Umeei begira, Zintzilik enpresak tirolina eta ekintza gehiago antolatuko ditu Apatako frontoian.

Furgonetentzako gunea

Egitarau zabalak Atxondon asteburu pasa egitera deitzen du. Horren jakitun, antolatzaileek  furgonetentzako eta autokarabanentzako espazio bat egokituko dute Apatako eskolako patioan. Ostiralean 17:30etik aurrera egongo da erabilgarri. Bertako komunak ere erabili ahalko dira. Eta lasterketa egunetan doako garraio zerbitzua eskainiko dute gune horretatik Arrazolara nahiz Axpera korrikalari eta ikusleentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!