Martxan da Oreka proiektua, Atxondoko herri bizitza sustatzeko egitasmo berria

Anboto 2025ko uzt. 17a, 13:00

Atxondo Kultura Mahaiko Amaia Camuñas, Oreka proiektuko Iker Arruti eta Ibai Santos, eta Atxondoko alkate Eneritz Agirre.

Udalak eskatuta, aditu talde bat Atxondoko herri bizitzaren diagnosia lantzen ari da, etorkizuneko estrategiak definitzeko. Informazioa batzeko elkarteekin batu dira, inkesta bat abiatu dute eta lau saio ireki egingo dituzte.

Atxondoko herri bizitza indartzea helburu duen Oreka proiektua martxan da. Udalaren enkarguz, aditu talde batek herriko bizitza sozialaren gaineko diagnostikoa egiten dihardu, eta, behin informazioa bilduta, etorkizunera begirako estrategia eta ekintza-plan bat diseinatuko du. "Egitasmoaren helburua da herri-bizitza aktiboa bultzatzea, herritarren ekarpenekin eraikia", udalak ohar batean azaldu duenez.

Lanketa hau Iker Arrutik eta Ibai Santosek egingo dute. Biak Oreka proiektuko kideak dira, eta Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza ikasketak egin dituzte. Gazteak izan arren, badute eskarmentua eta Maruri-Jatabe eta Zegama bezalako herrietan antzeko proiektuak garatu dituzte.

Batzarrak eta inkesta

Diagnostikoa osatzeko, herritarren iritziak jasotzen ari dira. Dagoeneko elkarte eta eragile askorekin batu dira: guraso elkartea, eskola, Asuntze mendi taldea, Andasto dantza taldea, Sorginen Lasterketa, Marixurrike, Gaztetxea... Horrez gainera, galdetegi bat zabaldu dute interneten, herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten. Hona galdetegirako LOTURA.

Parte hartzea sustatzeko lau saio ireki ere antolatuko dituzte, adinaren arabera banatuta. Bi batzar uztailaren 24an izango dira: 12:00 inguruan nerabeekin eta 18:00 inguruan gazteekin. Uztailaren 28an, arratsaldez, beste saio bi egingo dira: umeekin bata eta helduekin bestea. Batzar denak eskola zaharreko gelan egingo dira.

Parte-hartze prozesuarekin paraleloan, herrian azken urteetan antolatu diren ekimenak aztertuko dituzte, zeintzuk eta zergatik funtzionatu duten identifikatzeko. Aldi berean, beste herri batzuetan arrakasta izan duten esperientziak begiratuko dituzte, Atxondon aplikagarriak izan litezkeen jakiteko.

Prozesuaren azken fasean, jasotako informazioarekin txosten bat osatuko dute, gaur egungo diagnostikoa eta etorkizunerako ekintza-plana bilduko dituena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!