"Tabernak sormenerako aukera eskaintzen dit"

Joseba Derteano 2025ko uzt. 10a, 15:00

Taberna txukundu, hornitzaileekin negoziatu… Egun batzuk dena behar moduan prestatzen eman ostean, Julia Mititelu elorriarrak bihar zabalduko du Apatako igerilekuko taberna. Oraingo hau da bere proiektu propioa gidatuko duen lehenengo aldia eta ilusio berezia egiten dio. 

Ostalaritzan urteetako esperientzia duzu, ezta?
Bai. Bartzelonan bizi ostean, azken bederatzi urteak Elorrion daramatzat eta hemen nagoenetik ostalaritza sektoreko hainbat lanetan aritu naiz. Mundu honetako giroa asko gustatzen zait eta arlo honetan lanean jarraitu gura nuke. Gainera, urteotan asko ikasi dut eta batutako esperientzia oso baliagarria izango zait igerilekuko tabernan. Egia esanda, hauxe da nire proiektu propioa gidatuko dudan lehenengo aldia edo neure kabuz arituko naizen aurreneko biderra. Erronka bat da, baina ilusio berezia egiten dit. Ahalik zerbitzu onena eskaintzeko gogotsu nago. 

Zabalik dago taberna. Zer eskainiko duzu?
Hasieran kafea, freskagarriak, izozkiak, gozokiak, snack-ak, opilak, pintxoak eta wrapak eskainiko ditut. Aurrera begira eskaintza handitu gura nuke errazioak eta bazkariak emanda. Umeak, nagusiak… adin guztietarako eskaintza ematen saiatuko naiz.

Iaz tabernako azpiegitura berritu zuten. Zer deritzozu?
Taberna bisitatu nuen lehenengo egunetik bertatik asko gustatzen zait. Badakit berrikuntzak egin dituztela eta, egia esanda, azpiegitura oso ondo dago. Gainera, sormena lantzeko aukera eskaintzen dit. 

Zer ordutegi izango du?
Igerilekuko ordutegi berdina izango du: 11:00etatik 20:00etara. Asteko egun denetan egongo da zabalik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!