Zein helbururekin jaio zen Etxetxiki?
Nire inguruan sasoiko eta bertako kalitatezko elikagai ekologikoak, osasungarriak, eskaintzeko jaio zen Etxetxiki. Produkzio txikia da, dugun nekazaritza eredua aldatzeko helburuarekin sortutakoa. Auzolanean eraikitako proiektua da. Emandako laguntza eskertu gura diet familiari eta lagunei. Bereziki, Balen Jauregi eta bere familiari. Aurretik, lagun batek eta biok Zabale proiektua ipini genuen martxan, Lezaman.
Otzaretan saltzen duzue produktua?
Sasoian sasoiko ortuariekin 20 otzara itxi saltzen ditugu. Astero egiten dut banaketa. Horrez gain, Anbotopeko dendan saltzen dugu produktua. Udan, zuzenean bertaratzen dira bezeroak tomate bila, normalean. Eta, tarteka, inguruko jatetxeetatik ere eskatzen dizkigute tomateak, letxugak, piperrak..
Ez zarete azokaz azoka ibiltzen.
Inoiz joan gara, baina, gehienbat landarak eta loreak saltzera. Horrek bereizten gaitu, apur bat. Neguan asko ereiten dugu, udaberrian landarak edukitzeko, baina baita azoketan saltzeko ere. Produkzio txikia da gurea, ezin dugu asko landatu, eta ez da gure helburua, gainera. Bada, landareak salduta gastuak murrizten ditugu, eta ahalik eta intsumo —nekazaritzako ekoizpenerako baliabide eta material guztia— gutxien edukitzea lortzen dugu. Agroekologiaren helburu nagusienetakoa da hori.
Produktu ekologikoaren aldeko apustua egin duzu beti?
Bai. Nekazaritza da munduan gehien kutsatzen duen sektoreetako bat. Nekazaritza estentsiboa da nagusi, eta gutxienak dira nekazaritza produkzio txikiak eta familiarrak. Bide horri jarraituta ez dugu ezer. Nekazaritza ekologikoa beharrezkoa dela uste dut. Jaten dugun hori gara. Orain arteko egiteko moduak (traktore handiak, intsumo mordoa, abonu eta pozoi piloa...) ez du etorkizunik.
Jendeak baloratzen du ekologikoa?
Produktu ekologikoaren onuraz oso kontzientziatuta dagoen jende asko dago. Baina, jendartearen gehiengoak prezioari begiratzen dio batez ere, nolako produktua edo gizartea gura duen jakin arren. Hori da nire esperientzia. Badaude beste asko prezioari begiratzen ez diotenak, eta, prezioaren zergatiaz galdetzen dutenak ere bai. Denetarik dago. Baina, ezjakintasun handia dago. Ekologikoa ikustean oso garestia dela uste dute gehienek. Gizarteak kontzientzia hartzea eta produktua baloratzea behar da. Gainera, esango nuke ortuariak ez direla beste produktu batzuk beste baloratzen.
Zer eroango dute hurrengo otzarek?
Tomateak batzen hasi gara, baina oraindik ez dago nahikoa tomate denontzat. Beraz, bainak, letxuga, piperra, kalabazina eta azelgak eroango ditu.
Bizi daiteke nekazaritzatik?
Posible da. Baina, zer baldintzatan? Ezagutzen ditut baserritik bizi direnak, aurrera egin dutenak. Nik negar asko egin dut, laguntza handia izan dudan arren.