Atxondon hiru kale antzerkirekin gozatzeko aukera irailera artean

Joseba Derteano 2025ko eka. 27a, 10:00

Ganso&Cia konpainiaren antzezlaneko une bat. GANSO&CIA

Atxondoko Kultura Mahaiak, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat baliatuz, kalera aterako du antzerkia datozen hileetan. Hiru kale-antzerki antolatu ditu, bana ekainean, uztailean eta irailean. Apatan izango dira.

Lehenengoa, zapatu honetan da, 18:00etan. Apatako jaien barruan Barsanti konpainiak Legea gu gara antzezlana eskainiko du. Sergio eta Erramun dira protagonistak, izakeran oso desberdinak diren istiluen kontrako brigadako bi kide.

Uztailaren 17ko bigarren hitzorduan, Maite Guevara konpainiaren ¡Qué buen día! ikusteko aukera egongo da. Antzezlan honetan Martina pertsonaia alaiak jolasez, istorioz eta inprobisazioz betetako piknik komunitario batera gonbidatuko ditu ikusleak.

Hirugarren kale-antzerkia irailaren 5ean da: Ganso&Cia konpainiaren Welcome&Sorry. Obra honetan, teatroa maite duten bi antzerki‑maisu Hamlet fideltasunez taularatzen saiatuko dira, kaos dibertigarri bati bidea emanez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!