Pilota eskolaren pregoiak hasiko ditu Apatako jaiak

Joseba Derteano 2025ko eka. 25a, 12:04

Ekainaren 26an jasoko dituzte txopo handia eta txikia.

Ekainaren 26an hasiko dituzte sanpedroak, txopoa jasota eta Atxondoko Pilota Eskolaren pregoiagaz. Jaietan Txalainak, Fane eta Zirkinik Bez taldeen kontzertuak egongo dira plazan; Gaztetxean, Gozzue eta Take taldeenak, besteak beste.

Axpeko sanpedroak ekainaren 26an hasiko dira txopo handia eta txikia jasota. Talogileen postua egongo da plaza ondoan. Aurten, Atxondoko Pilota Eskolak irakurriko du jaietako pregoia, herriko umeen artean pilota biziberritzeko lanean dabiltzanei errekonozimendu legez. Pilota jaietako azken egunean ere izango da protagonista, aurten lehenengoz antolatu duten Pelota Goxua Txapelketako finalak jokatuko dira eta. 

Jaietako beste nobedadeetariko bat honako hau da: aurten, lehenengoz, jaietako zapiak salduko dituzte, jaietan urtero erabiltzeko modukoak. Horrez gainera, jai batzordeak Instagram kontu bat sortu du jaien berri emateko: @apatako_jaixek.

Musika eskaintzari dagokionez, barikuan Itzal erromeriak eta Egurra ta Kitto after taldeak kontzertua emango dute plazan; zapatuan Fane musikariak eta Zirkinik Bez erromeria izango dira. Plazako musika eskaintza Txalainak taldeak osatuko du. Gaztetxean ere musika eskaintza zabala antolatu dute. Ekainaren 27an Gozzue taldeak joko du, eta biharamunean TAKE taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!