Plazerkekeriak zikloari amaiera jarriko diote Atxondon, barikuko bakarrizketagaz

Anboto 2025ko eka. 11a, 10:29

Amillena Bentan ikusgai egongo den Laura Penagosen saioa Plazerkekeriak zikloko azkena izango da.

Arrazolako Amillenaren bueltan batzen diren emakume talde batek Plazerkekeriak ekimena abiatu zuten iaz. Harrezkero, askotaruko kultur ekimenen bidez, emakume eta identitate disidentedun sortzaileen kultur plaza bihurtu dute Amillena. Bariku honetan, ekainak 13, egitasmo horren barruko saio bat egongo da. Baina oraingo hau berezia da Plazerkekeriak zikloko azkena izango delako. Momentuz ez duela jarraipenik izango diote antolatzaileek. Saldu dituzten bonoen artean zozketa bat egongo dela eta autogestiorako bono laguntzak salduko dituztela ere aurreratu dute.

Bakarrizketa

Barikuan Laura Penagosen Putaren bakarrizketak bakarrizketa egongo da ikusgai 21:00etatik aurrera Amillena Bentan. Obran emakume bat eroetxe bateko gela batean dago bakarrik, ikusten ez den doktore batekin berbetan. Emakumea prostituta da, eta elkarrizketan bere istorioa azalduko du. Horrela, hainbat gai azaleratuko dira, esate baterako, sexualitatea, bortizkeria, klasismoa eta feminismoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!