Marixurrike Fest ospatuko dute Atxondon, barikuan eta zapatuan

Anboto 2025ko mai. 29a, 14:45

Marixurrike aisialdi elkartearen agur festa zena urteroko hitzordu bihurtuta, Marixurrike Festaren hirugarren aldia antolatu dute asteburu honetarako.

Ekimenik gehienak bihar izango dira, eta horixe da aurtengo nobedadeetariko bat. Egun nagusia zapatutik barikura aurreratu dute, barikuetan herrigunean egoten den giroa aprobetxatzeko. Lehenengo, 16:30ean, umeen pilota partiduak eta pilota goxua txapelketakoak ikusteko aukera egongo da Apatako pilotalekuan. Segidan, 18:30ean, Hodei magoak familia ikuskizuna egingo du eskolako gimnasioan. Handik kalera aterako dute jaia gero; 19:30ean, DJ Tracken musikak lagunduta, kalejiran irtengo dira herriko kaleetan zehar. Amaitzeko, nork bere janaria eramanda, denek elkarregaz afalduko dute pilotalekuan. 

Goitibeherak
Zapaturako ekimen berezi bat antolatu dute umeentzat, Aldatsa elkartearen laguntzagaz: goitibehera jaitsiera. 11:30ean izango da, eta pump track gunearen ondoko errepidean prestatu dute zirkuitua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!