Atxondoko Udalak eta Bizkaiko Federazioak indarrak batu dituzte herrian eskupilota biziberritzeko

Anboto 2025ko mai. 12a, 14:40

Eneritz Agirre Atxondoko alkatea, Jon Aranburu zinegotzia, Josu Eguren pilotari eta entrenatzailea eta pilotan dabiltzan umeak pilotalekurako sarreran.

Erakunde bien arteko hitzarmen bati esker 16 bat ume eskupilotan dabiltza, Josu Eguren pilotari atxondarrak entrenatuta. Datorren urtean pilota elkartea berriro martxan jartzea da helburua.

Atxondoko Udalak eta Bizkaiko Pilota Federazioak hitzarmen bat sinatu dute herrian pilota sustatu eta berrindartzeko. Herrian tradizio handia izan duen kirola indarra galtzen joan da apurka eta akordio honekin berau biziberritzeko lehenengo harria jarri dute. “Pilota herriko bizitzaren parte izan da urte askoan eta hori berreskuratu gura dugu", adierazi du Eneritz Agirre alkateak udaleko ohar batean.

Umeak entrenatzeko etxeko pilotari baten aldeko apustua egin dute. Josu Eguren pilotari atxondarrak hartu du ardura. 24 urtegaz, gogotsu heldu dio erronkari: “Ni Atxondoko pilotalekuan hazi eta hezi nintzen pilotari moduan. Orduan ikasitako guztia orain umeei erakusteko aukera izateak ilusio handia egiten dit”.

Egitasmoak "harrera ona" izan du. Une honetan 4 eta 13 urte arteko 16 neska-mutil inguru dabiltza pilotan, denak atxondarrak, eta saioren batean 20 baino gehiago ere bildu izan dira. Martitzen eta bariku arratsaldetan entrenatzen dira, Apatako pilotalekuan. “Gaztetxoak berriro frontoian gozatzen ikustea da proiektu honen arrakastarik handiena”, dio Jon Aranburu udaleko zinegotziak.

Atzo, domekan, proiektua sendotzeko pauso berri bat eman zuten. Atxondon martxan dagoen pilota goxoa txapelketako atariko partiduak jokatuk zituzten hainbat umek. Datorren urtera begira, garai bateko Atxondoko Pilota Eskola berriro martxan jartzea da helburua eta kudeaketa osoa bertatik eramatea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!