Atxondoko Udalak hasierako onarpena eman dio Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari

Anboto 2025ko api. 8a, 13:30

Aste Santu ostean udalak herri batzar bat deituko du herritarrei Planaren gaineko xehetasunak emateko.

Atzo egindako ezohiko udalbatzarrean Atxondoko Udalak hasierako onarpena eman zion Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO). Proposamena EH Bilduren (Gobernu Taldea) aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen.

Plana Bizkaiko Boletin Ofizialera bidali da, eta han argitaratzen denetik aurrera alegazioen epealdia hasiko da; hau da, proposamen partikularren xehetasunetan sakontzen hasiko da plana. Prozesu horren barruan, ekainaren 30era arteko epea egongo da alegazioak aurkezteko, udalak ohar batean azaldu duenez.

Herri batzarra Aste Santu ostean

Dokumentu osoa laster egongo da eskuragarri ‘atxondo.eus’ webgunean. Horrez gain, Aste Santu ostean udalak herri batzar bat deituko du herritarrei Planaren gaineko azalpenak emateko eta dudak argitzeko.

Atzo HAPOari emandako hasierako onarpena beste urrats bat da prozesu "luze eta esanguratsu" baten baitan. "Izan ere, Planak udalerriko garapenaren ibilbidea zehaztuko du datozen urteetarako, hala nola, lurzoruaren antolamenduan eta eraikigarritasunean", azaldu dute. Ildo horretatik, plenora eraman aurretik, Atxondoko Udalak batzar ireki bat antolatu zuen iazko azaroan herritarrei Planaren azalpen orokorrak emateko, udaletik gogoratu dutenez. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!