"Euren ingurunearekiko lotura handia sumatu dut"

Joseba Derteano 2025ko mar. 30a, 11:30

Miren Artetxe, Olazabal-Azpikoa landetxean.

'Geuretik sortuak' egitasmoaren barruan, Miren Artetxek egonaldia egin du Atxondon. Hilabete eman du hemen, Olazabal-Azpikoa landetxean. Atxondon ikusi eta bizitako esperientziak herrian kokaturiko ipuin bat sortzeko baliatuko ditu Artetxek. Egonaldiagaz oso pozik dago eta aberasgarria izan dela dio. 

Egonaldiaren zer balorazio egiten duzu? 
Oso ona eta aberasgarria izan da. Luxu totala izan da, bai lekuagatik, bai jendearen harreragatik, eta baita sorkuntza proiektu batean hiru astez murgilduta egoteko aukera eskaini didalako ere, hori ez baita ohikoa.

Apunteen koadernoa beterik daramazu?
Egia esan, apunteen koadernoa bete-beteta daukat, bai. Jasotako gehiena ez dut zuzenean erabiliko, baina baliagarria izango da ipuina hemen kokatzeko. Hemengo lekuak eta bizimodua ezagutzeko balio didate. 

Azkenean, egonaldiaren helburua horixe zen, zelanbait esanda, herriko esentziagaz blaitzea.
Hala da, bai. Kontua da ez dagoela esentzia bat eta bakarra. Esentzia asko dago, jende eta bizimodu asko, ikusi ahal izan dudanez. Ipuina aniztasun horren barruan kokatuko dut. 

Atxondon egindako egonaldi honetan, zerk harritu zaitu gehien?
Egon naizen jendearen partetik, bere ingurunearekiko lotura handia sumatu dut. Beste toki batean, beharbada, zure bizimodua lekutik aparteago egin dezakezu, baina hemen halako inguru naturala izanik, paisaia horren oso kontzientze direla ikusi dut, eta inguru hau asko baloratzen dutela.

Zer ekintzatan parte hartu duzu? Zer jendegaz egon zara?
Eneritz Agirre alkateak asko lagundu dit jendearengana hurbiltzen. Ea denekin gogoratzen naizen. Asuntze mendi taldearekin irteera bat egin nuen eta hara batutako jendearekin egon nintzen. Arrazolako meategi inguruak bisitatu genituen. Amillenan asteazkenetan briskan aritzen den talde batekin egon naiz; Joseba Sarrionandiak gidatzen eta liburutegiak dinamizatzen duen irakurle taldearekin egon naiz; Buztenikerak talde feministarekin eta Plazerkekeriak zikloa antolatzen dutenekin egon naiz; herriko emakume heldu birekin kafea hartu dut; Jesus Eguzkiza 'Eguzki' bikoiztailearekin egon naiz; baserriko bateko beste familia batekin ere bai. Eta, eguenean, Alaia Martin bertsolariak eta biok bertso dastatze bat izan genuen Amillenan. 

Gura zenuen denekin egon zara?
Segiko nuke kontuak entzuten. Batzuetan ikusezina izan eta han eta hemen egon nahiko nuke; entzuten, batez ere. 

Etorri aurretik zeneukan eskema eta egonaldiaren ostean duzuna berdinak dira, ala aldatu egin da?
Asko aldatu da, egia esan. Nire hasierako ideia nire familian gertatutako heriotza baten ingurukoa zen. Edozein testuingurutara erabat moldagarria zela pentsatzen nuen, baina nire bizipen pertsonal horretara lotuegi nagoela konturatu naiz eta hura hona ekartzea tranpa egitea izango zela, nahiz eta hemengo tinteak eman. Orduan, erabat zerotik hasitako ipuin bat izango da. Artolara mendi buelta bat egin eta gorako eta beherako bidean halako zantzu batzuk ikusi nituen, eta horri tiraka nabil. 

Hizkuntzari dagokionez: Atxondoko berbak, esaerak… alde horretatik egonaldi aberasgarria izan da?
Bai, hiztun batzuek ahozkotasuna oso bizirik dutela ikusi dut, eta oso aberatsa dutela. Nahi baino gutxiago egon naiz adineko jendearekin, baina badaukat asmoa horri buruz gehiago jasotzeko, badelako hori nire kezketako bat, nire euskalkia ez baita hemengoa. Ahotsak.eus atarian badaude Atxondoko jendearen pasarte batzuk eta haiek behin eta berriz entzuten aritu naiz.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!