Atxondoko Udalak eta gurasoen elkarteak hitzarmena sinatu dute eskolan hamaiketako osasungarriak ematen jarraitzeko

Anboto 2025ko mar. 20a, 12:30

Arantzazu Barrutieta, eskolako ikasketa burua; Berenice López, Belaze; Eneritz Agirre, alkatea; Mónica Irazola, Patxikobaso; Larraitz Agirre, guraso elkartea; Inma Gallego, Anbotope; Alex Azpiri, guraso elkarte eta Berton Bertokoa

Ikasleen artean elikadura ohitura osasungarriak sustatzea helburu duen egitasmoarekiko konpromisoa berretsi eta sendotu du udalak.

Atxondoko Udalak eta Eskolako Ikasleen Guraso Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute eskolan martxan dagoen hamaiketako osasungarrien programa sendotzeko. Orain arte, udalak diru-laguntza bidez babesten zuen ekimena. Hitzarmenaren bidez, bi aldeek, eskolarekin batera, "elikadura jasangarri eta hurbilekoaren aldeko konpromisoa indartu dute, urtez urte laguntza berritzeko borondatearekin", azaldu dute udaleko ohar batean.

“Umetatik elikadura ohitura osasuntsua sustatzea garrantzitsua dela uste dugu eta hitzarmena konpromiso horretan beste pauso bat da”, adierazi du Eneritz Agirre alkateak.  Elikadura osasungarriaz gainera, “hurbileko produktuen kontsumoa, tokiko ekoizleekin lankidetza,  ingurugiroarekiko errespetua eta berdintasuna ere bultzatzen dira egitasmo honekin”, gurasoen elkarteko eta Berton Bertokoako kidea den Alex Azpiriren esanetan. Horrez gainera, “eskerrak” eman dizkie eskolako irakasleei eta zuzendaritzari: “Proiektu honetan ezinbesteko pieza dira”. Arantzazu Barrutieta eskolako ikasketa buruak ere egitasmoa goraipatu du: “Eskolatik umeen artean elikadura osasuntsua sustatzeko konpromisoa dugu eta proiektu honek bide horretan laguntzen digu”.

Hamaiketako osasungarriak programa 2023an jarri zuten martxan Atxondoko eskolan, Berton Bertokoa mugimenduko filosofian oinarrituz. Harrezkero, ikasleek bertako elikagai agroekologikoak jaten dituzte jolas-orduan, ikasturte osoan zehar. Astelehenetan Belaze baserriko yogurta jaten dute; astearteetan eta ostegunetan Patxikobaso baserriko ogi agroekologikoa, eta, asteazkenetan eta ostiraletan Elorrioko Anbotopeko Dendako fruta, gertukoa eta agroekologikoa. Anbotopekok proiektu honetako ekoizleak eta produktuak koordinatzen ditu. “Guretzako pozgarria da ekimen honetan parte hartzea eta eskolako umeei bertako eta kalitatezko produktu agroekologikoak eskaintzeko aukera izatea”, adierazi dute ekoizleek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!