Asuntzek mendi erronka antolatu du, lehenengoz

Joseba Derteano 2025ko mar. 3a, 11:56

Memaia

Mendirako zaletasuna bultzatu eta Atxondo ingurua ezagutarazteko helburuagaz, Asuntze mendi taldeak ekimen berri bat hasi du: Mendi Erronka. Erronka amaitzen dutenekin sari banaketa eta argazkien proiekzioa egingo dute azaroan.

Mendizaletasuna bultzatzeko helburuagaz, Atxondoko Asuntze mendi taldeak ekimen berri bat hasiko du: Mendi Erronka. Nork bere kontura, lagunekin eta familian egiteko moduko lau irteera proposatu dituzte, epe jakin baten barruan egin beharrekoak. Erronkan parte hartu gura dutenek asuntzemk@hotmail.com helbide elektronikora bidali beharko dituzte proposaturiko toki eta tontorretan egindako argazkiak. Argazkietan agertzen direnen izen-abizenak idatzi behar ditute. Lau erronkak betetzen dituztenekin, sari banaketa eta bidalitako argazkien bideo proiekzioa egingo dituzte aurtengo azaroan, mendi taldekoek jakinarazi dutenez.  

Ekimena Atxondo inguruko mendiak eta toki esanguratsuak ezagutarazteko baliatuko dute. Horrela, proposaturiko irteera guztiak herri inguruan dira. Martxoaren 1etik apirilaren 1era, irteera kurioso bat proposatu dute. Atxondon, 'Valle Achondo' izena idatzita duen pago bat dago. Berezitasuna honako hau da: Atxondo herri lez sortu aurretik idatzitakoa dela, 1940ko hamarkadaren amaiera aldera. Maiatz-ekainerako Memaiara irteera proposatu dute; uztail-abuztuan Larranora, eta irail-urrian Tellamendira.

Irteerak Asuntzegaz
Ibilbideak Asuntzegaz ta​ldean egiteko aukera ere badago. Martxoan, Iñigo Mendibilegaz herria ezagutzeko aukera egongo da eta aipaturiko pagora joango dira. Ekainean, Axpeko eta Apatako jaietako mendi martxa egingo dute Memaiara, eta irailean Tellamendira joango dira, Besaideko Oroimen Egunaren barruan. 

Erronkaren egutegia

Nork bere kontura egiteko
Martxoak 1- apirilak 30
• 'Valle Achondo' ipintzen duen pagora irteera.

Maiatzak 1-ekainak 30
• Memaia

Uztailak 1-abuztuak 31
• Larrano

Irailak 1-urriak 31
• Tellamendi

Asuntzegaz batera egiteko
Martxoak 16
• 'Valle Achondo' ipintzen duen pagora irteera, Iñigo Mendibilegaz

Ekainak 22
• Memaia

Uztailak 5-6
• Asteburuko irteera

Irailak 21
• Oroimen eguna Besaiden: Tellamendi

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!