Maren Basterretxearen Igaro obra ikusteko aukera dago barikuan, 20:30ean, Arrazolako Amillena bentan. Helduei zuzenduriko antzezlana da eta ametsetan eta desioetan arakatzen du. Honela dio obraren sinopsiak: "Ez dago erlojua gelditzerik, oraina geroratzerik. Iraganean ginenetik, minean, zaurian, ilusio zapuztuan bizi da bizia. Sokak moztu eta agurtu behar ditugu, egunen baten aske dantza gaitezen. Iraganari, etorkizunari eta orainari buruz hausnartzeko".
Plazerkekeriak zikloa
Barikuko ekintza Amillenako kideek antolaturiko Plazerkekeriak zikloaren barrukoa da. Ekimenaren bitartez, emakume eta identitate disidentedun sortzaileei euren sorkuntza aurkezteko agertokia eskaintzen diete Amillenan. Horregaz batera, landa eremuko herri txikietan bizi direnei kultur eskaintza handitzea eta ohiko kultur eskaintza ereduari alternatiba bat eskaintzea gura dute, horrela bestelako erreferente batzuk ezagutarazita.