Atxondoko Udalak udalbatzar aretoaren eraberritze lanak burutu ditu, bertako erabilera areagotzeko helburuarekin, udalak ohar batean jakinarazi duenez. Lehen espazio bakarra zena, erabilera anitzeko gune bihurtu du. Hori lortzeko, panel mugikorrak jarri ditu aretoko alde batean. Sistema horren bidez, bertako espazioa moldagarria da eta gela batean, bitan edo hirutan banatu daiteke, unean uneko beharraren arabera. Gela bakoitzak bere aulki, mahai eta armairu propioak ditu. Areto osoan bestelako hobekuntzak ere egin dira. Esaterako, gune osoa intsonorizatu da, aire egokitua jarri da eta leihoak berritu dira.
"Gune berriaren helburua gure udalerrian beharrezkoak diren espazioak areagotzea da. Aurrerantzean herritarrek aukera zabalagoa izango dute bilera edo jarduera ezberdinak burutzeko”, adierazi du Eneritz Agirre alkateak oharrean. Gogoratu behar da eskolako eraikin zaharreko gela bat ere erabilera anitzeko gune moduan erabiltzen dela gaur egun.
Udalbatzar aretoa eraberritzeko lanek 150.000 euroko aurrekontua izan dute. Udalak 62.000 euroko diru-laguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik proiektua gauzatzeko.
‘Irabazi arte’ telesaila, ostiralean
Bariku honetan, otsailak 14, gune eraberritua bertatik bertara ezagutzeko aukera dago, ETB1eko ‘Irabazi arte’ telesail arrakastatsuaren laugarren denboraldiko aurrestreinaldia hartuko duelako. UEMAren bidez antolatutako ekitaldia 20:00etan hasiko da.