San Blas azokarako astebete besterik ez da falta. Dagoeneko prestaketa lanetan buru-belarri hasita zaudete, ala oraindino ez?
Gure produktuak eguneko jakiak direnez, freskoak direnez, ogia, gozogintzako produktuak, pastelak... azoka aurreko gauean prestatzen ditugu. Normalean, pare bat egunean gaupasa egiten dugu dena prestatzeko eta azokara gure produkturik onenak eramateko. Hemen egoten gara, obradorean, jai betean.
Baina San Blas opilen kasua desberdina izaten da. Opil hauek paketetxoetan joaten direnez eta hauen iraupena ere luzetxoagoa denez, aste oso bat ematen dugu azokara eramateko sanblasak egiten. Eta, jakina, sanblas horiek aste osoan zehar okindegian eskuragarri izaten ditugu betiko bezeroentzat.
Beraz, lan handiko egunak dituzue aurretik.
Bai, data hauek zoratzeko moduko egunak izaten dira. Beti esaten dugu guretzat Gabonak San Blasetan amaitzen direla. Gabonetan ere lan mordoa izaten dugu, batez ere errege-opilak eta ogia egiten. Errege egunaren ondoren, lau bat egunean jai hartzen dugu, indarra hartu eta San Blasetara animoagaz joateko.
Zer topatuko dute San Blas azokan Panarrako erakusmahaira bertaratzen direnek?
Hainbat produktu. Gure produktu guztiak eramaten ahalegintzen gara, jendeak ikusi eta erosi ditzan. Sanblasak eramango ditugu, felixianuak, croissantak eta ogi barietate guztiak, besteak beste. Hala ere, dudarik barik, otsailaren 3an sanblas opilak izaten dira gure produktu izarra.
'Felixianuak' aipatu dituzu. Hori zuen beste elikagai izarretariko bat da. Ez dakienarentzat, zer dira felixianuak?
Felixianua denok ezagutzen dugun txoripanaren antzekoa da. Ogiari txorizoa sartzen diogu barruan, baita urdai apur bat ere. Horrek freskoago mantentzen du, koipe gehiagogaz. Izenari dagokionez, baserri honetan Felixiano deitzen zen gizon bat bizi zen eta bere omenez genion Felixiano izena.
Azokak garrantzitsuak izaten dira?
Gu eguneroko lanera dedikatzen garen arren, azokak garrantzitsuak direla uste dugu. Alde batetik, azokek energia asko kentzen digute, gure produktu guztiak eramatea gustatzen zaigulako eta eguneroko bezeroei ere erantzutea gura izaten dugulako. Horregaitik, urtean hiru azokatara baino ez gara joaten. Hala ere, oso garrantzitsuak direla uste dugu.
Panarra okindegiak 2021ean zabaldu zituen ateak. Bikotekideak eta biek zabaldu zenuten, baina negozioa hazten joan da. Zelako bilakaera izan du?
Dagoeneko lau urte joan dira okindegia zabaldu genuenetik, bai. Ordutik taldea handitu egin da, lantalde polita eratzea lortu dugu eta, zorionez, lan askogaz gabiltza. Ea urte luzez horrela jarraitzen dugun.
Arrazolan eta Atxondon ez ezik, eskualde osoan ere izena hartu duzue. Itxaroten zenuten?
Inondik inora. Negozio hau neuk lan egiteko ipini nuen, asko jota beste pertsona bategaz. Eta, jakina, Irati bikotekideagaz. Modu lasai batean lan egiteko zeozer izatea zen gure asmoa. Baina bideak beste leku batera eraman gaitu. Hala ere, polita da. Polita da jendeari behar duina eskaintzea eta denok elkarregaz lan egitea.
Gainera, esango nuke merezi duelako izan duela harrera ona gure produktuak. Nire ustez, horrelako ogiaren falta zegoen bailaran, eta esango nuke jendea pozik dagoela eta eskertzen duela.
Amaitzeko, ezer gehitzerik gura zenuke?
Mundu guztia San Blas azokara joatea espero dut, eta bertan elkar ikustea, jai giroan.