Atxondoko Udalak Apatako jubilatuen taberna irekitzeko ahalegin berria egingo du. Horrela, tabernaren kudeaketa lizitatzeko prozesua abiatu du, ohar batean jakinarazi duenez. Interesdunei begira, hileko alokairua 50 eurora (BEZ barne) jaitsi du: 600 euro urtean.
Proposamenak aurkezteko 10 egun naturaleko epea dago urtarrilaren 22tik hasita. Lehiaketako oinarriak eta baldintzak udaleko webguneko (www.atxondo.eus) ‘Kontratatzailearen Profila’ izeneko atalean jaso daitezke.
Tabernako esleipena urtebetekoa izango da, beste urte batez luzatzeko aukera egongo delarik. "Lizitazio prozesua gauzatu eta taberna ahalik arinen zabaltzea da udalaren nahia", oharrean azaldu dutenez.