Atxondoko Udalak Apatako pilotalekuko argiztapen osoa berritu du, auzo-bilera batean planteatutako eskaera bati erantzunez. Antzinako foku halogenoak eta erreta zeuden LED argiak argiztapen berri batengatik ordeztu dira, espazioko ikuspena hobetuz, udalak ohar batean informatu duenez. Gainera, jarduketa aprobetxatu da koadro elektrikoa aldagela zaharretik biltegi berrira eramateko, leku egokiagoa baita mantentze-lanetarako eta segurtasunerako. Lan horiek abenduan amaitu dira. Proiektu horren barruan, Udala aldageletan dagoen arazoari irtenbidea bilatzeko lanetan dabil.
Esku-hartze hori Udalak bizilagunen beharrizanekin duen konpromisoaren parte da, eta pilotalekuaren energia- kontsumoa optimizatzen du. "Kirol gune hori erabiltzen duten pertsona guztiei mesede egingo dien hobekuntza da", adierazi du Eneritz Agirre Atxondoko alkateak.
Auzo batzarrak, aintzat
Auzo batzarretatik irtendako proiektu gehiago ere gauzatu ditu aurten Atxondoko Udalak, herritarren duen konpromisoa berretsiz. Ekainean, adibidez, komun publiko bat ireki zuen plazaren eta pilotalekuaren ondoan, biltegi moduan erabiltzen den lokalaren zati bat egokituz. "Azpiegitura berriak oinarrizko zerbitzuak izateko beharrari ere erantzuten dio", adierazi dute udal ordezkariek.
Bestalde, urrian, Axpe ondoko Olazabal auzoko auzo-bidea berritu zen. Gainera, inguruko ur-bideetan konponketak egin ziren. Proiektu horretan 28.120 euro inbertitu zituen.