Atxondoko Udalak Gabonetako argi berriak ipini ditu aurten

Joseba Derteano 2024ko abe. 14a, 11:50

Gabonetako argiak Axpen.

Gabonetako argiei ikutu berri eta berezi bat emanez, herriko elementu esanguratsuak argiztatu dituzte

Aurten, Atxondoko Udalak beste ikutu bat eman dio Gabonetako argiztapenari, eta udalerria osatzen duten Apatamonasterio, Arrazola, Axpe eta Santixako elementu adierazgarriak apaintzeko apustua egin dute.

Askotariko elementuak
Aurten arte kaleak ohiko girlandekin apaindu dituzte, baina aurten espazio enblematikoak nabarmentzea erabaki dute, hala nola Axpeko frontoiaren aurreko zuhaitz handia, Santixako ermitaren aurreko parkean dagoen zuhaitz ilara eta Apatako biribilgunea. Hirugarren horretan, gorantz doan argi-kono batek efektu ikusgarria sortzen du herriaren sarreran. Argiztapenokin, herriaren ikuspegi berri bat emateaz batera, auzo bakoitzeko zenbait gune eta elementu nabarmen balioetsiko dituzte.

Udal arduradunek jakinarazi dutenez, aurten alokatu egin dituzte argiak, eta enpresa batek ipini ditu herrian zehar. Ekimenak harrera ona badu, hurrengo urteei begira argia erostea baloratuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!