Ospakizuna Apatako plazan izango da, gaur arratsaldean zehar. Atxondoko ludotekaren eta herriko hainbat familiaren artean, umeentzako eta nagusientzako tailerrak antolatu dituzte 16:30erako. Iaz ere eragile biek elkarlanean antolatu zuten ekimena On Martin egunean. Besteak beste, bitxigintza tailerra egongo da eta bertan kolore eta osagai guztietako eskumuturrekoak eta lepokoak egiten ikasiko dute elkarregaz.
Taloak eta dantzak
Tailerrak amaitu eta gero, 18:00etan, Atxondoko talogileek prestaturiko taloak dastatzeko aukera egongo da plazan. Jan-edanaren ondoren, ospakizunak aurrera jarraituko du eta 19:00etan Andasto dantza taldearen saioa izango da bertaratzen direnen gozagarri.