"Ezkontza bakoitza ezberdina izan dadin ahalegintzen gara"

Jone Guenetxea 2024ko aza. 6a, 11:30

Izorne Luengo. Akebaso jatetxea

Izorne Luengo Akebaso jatetxeko arduraduna. Ezkontza batean jatetxe bat baino askoz gehiago da Akebaso. Egun berezi hau mimo handiz prestatzen lagunduko dizute benetan ahaztezina izan dadin. 

Zelan doa ezkontza denboraldia?
Oso ondo. Martxoan ekin genion denboraldiari, eta abenduaren 14an amaituko dugu. Hala ere, nabarmenduko nuke orain ez dagoela ezkontzeko data zehatzik. Neguan gutxiago badira ere, asteburu batzuetan izaten dira ezkontzak.

Jendeak Akebaso jatetxea aukeratzen duenean ezkontzeko, zer bilatzen du?
Gaur egun bikoteek baserri edo finka bat gura dute, naturan integratuta dagoena. Ezkontzarako jatetxe osoa hartu gura izaten dute, esklusibotasuna. Eurak bakarrik egoten dira eta bertan egiten dute zeremonia, bazkaria, afaria eta jaia.

Zein ezkontza mota egiten duzue gehien?
Bikote guztiei esaten diet ezkontza bakoitza ezberdina izan dadin ahalegindu behar dugula. Bikoteekin egiten dudan elkarrizketan ideia hau azpimarratzen diet. Gonbidatuak etortzen direnean, konturatu daitezela bikote horren ezkontza dela, eta ez beste edozeinek egin dezakeena.

Zelan pertsonalizatu daiteke ezkontza bat?
Adibidez, aurreko asteburu batean, neskari bere herriko jaiak gustatzen zaizkionez, banderatxoak ipini genituen dekorazio modura. Txaranga bat ere egon zen, herriko jaiak izango balira legez. Hau guzti hau bikoteekin elkarlanean egiten dugu.

Zelakoa izaten da ezkontza prestatzeko prozesua?
Nigaz hartu-emanean ipintzen dira, eta eguna zehazten dugu. Eurekin hitzordua ipini eta ingurua erakusten diet. Ondoren, eurekin dena antolatzen hasten naiz. Martxoko lehenengo ezkontzekin gabonen ostean hasiko naiz buru-belarri. Menu proba eta horrelakoak egingo ditugu. Badaude bikote batzuk urtebete lehenago hasita daudenak, ilusio handia dutelako eta horrela lasaiago geratzen direlako, eta ni pozik. Hemen ia dena antolatzen dugu: loreak, dekorazioa, zeremoniaren muntaketa, gonbidatuen kokapena zehazten duten txartelak, jantokiaren apainketa... Sukaldeari dagokion guztia ere geuk egiten dugu. Adibidez, joan zen asteburuko ezkontzan txerrikumea gura zuten afaltzeko, eta bertan prestatu genuen. Beharrizan guztietara moldatzen gara.

Gogoratzen duzu ezkontza bereziren bat?
Orain dela urteak, gizona Ederra eta Piztia filmeko piztiaren moduan jantzi zen eta neskari abesten hasi zen. Oso hunkigarria izan zen.

Ezkontzetan zer dago modan?
'Ordu zoroa'. Afaldu eta gero, neska argiak dituen kapa bategaz janzten da, jendea animatu dadin. Mozorroak egoten dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!