Familiatik datorkizu artzain tradizioa?
Bai. Aita artzaina nuen. 67 urte daramatzat artzain. 13 urtegaz hasi nintzen. Orduan, Anboto ostean ibiltzen genituen ardiak. Larranon esnea batu eta bizkarrean ekartzen nuen etxera. Egunean joan-etorri bi egiten nituen.
Beti Axpe inguruan ibili zara?
Ia beti. Urte batzuetan Elorrioko Gazeta auzora eramaten genituen ardiak, negua pasatzera, azarotik martxora. Egunero bizikletan egiten nuen harako joan-etorria.
Artzain Eguneko omenaldian argazki bat erregalatu zizuten. Bertan zeu eta beste pertsona bat ageri zarete. Nor da lagun hori?
Faustino Oruna 'Karkun'. Artzaina bera ere. Lagunik handiena nuen. Beste gizon klase bat zen eta hartu-eman berezia geneukan. Mendian bakoitza bere aldetik ibiltzen ginen, baina elkartzen ginenean berbataldiak egiten genituen. Aspaldi hil zen eta falta handia utzi zidan, baina zer egingo duzu ba!
Artzain bizimodua gogorra da?
Bai, bizimodu gogorra. Artzainak ez du ez zapaturik eta ez domekarik, batez ere bildotsak jaiotzen direnean. Haren kargu egin behar da. Normalean, ardiak ondo hartzen ditu bere bildotsak, baina banaka batzuek bertan behera uzten dituzte. Orduan, norberak gobernatu behar ditu bildotsak: harrapatu, esnea eman… Beharleku txarra!
Ahalegindu zara inoiz ofizioa aldatzen?
Behin probatu nuen, antzina. Lantegi batean hasi nintzen eta hamabost egun iraun nuen. Ez zen niretzako bizimodua. Lar lotua zen eta ni mendian aske ibiltzera ohituta nengoen.
Artzain gutxi geratzen da?
Bai, gutxi. Lehenago, zapatu gauetan kuadrilla elkartzen ginen, tragoa jo eta kontuak kontatzeko. Asuntza inguruan hogei bat artzain batzen ginen batzuetan, hemengoak: Urkiolakoak, Oletakoak… Gustua izaten zen kuadrillan egotea. Egiarik inork ez zuen esango baina! (barrez). Haiek ere joan ziren.
Zeu izango zara bakarrenetarikoa.
Bai, holantxik da. Gazteren bat edo beste badabil: Urien abadiñarra, Arrazolan oraintsu hasi den bat… Gehiago lagunduko baliete! Nik txabola dut Axpen, orain ez dut erabiltzen eta neguan Arrazolako gazteari uzten diot. Guk egin dugu geurea eta gazteari lagundu behar zaio.
Antonio, noiz arte?
Beste urtebete? Bi? 320 ardi izandakoa naiz. Gaur egun 80 ditut eta larregi! Behin adin batera ezkero… 50 ingurugaz nahikoa nuke. Baina ahal dudan arte eutsi gura diot. Ardiak kenduko banitu ez dakit zer egingo nuen. Denbora asko buruari bueltak emateko. Burutazio larregi! Neure inguruan horixe ikusi dut jubilatu diren artzainekin. Orain behintzat burua okupatuta dut eta entretenitu egiten naiz. Betiko ez gara, baina ahal dudan bitartean eutsiko diot.