Atxondoko Itziar taberna famatua da bere tortillengaitik, eta bertako arduradunek Bizkaiko Tortilla Kopan parte hartzea erabaki dute. Lehia ez da nolanahikoa, guztira 63 hautagai daudelako Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak hirugarrenez antolatu duen txapelketan. Parte hartzaile horien guztien artean Atxondokoa da eskualdeko bakarra.
Sari bi daude jokoan: epaimahaiarena eta publikoarena. Azken honetan, gura duten denek parte hartu dezakete. Botoa tabernako kartel batean dagoen QR kode baten bitartez eman daiteke. Botoa ematen duenak tortilla probatu duela frogatu beharko du, botoagaz batera kontsumo-tiketaren argazki bat atxikita. Publikoaren botoa emateko epea azaroaren 18ra artekoa da. Sari banaketa azaro amaieran San Mamesen egingo den gala batean egingo dute.
Pintxo irabazlea
Itziar taberna behin baino gehiagotan nabarmendu da antzerako txapelketetan. Aurten bertan, maiatz inguruan, elkarte berak antolaturiko Bizkaiko Pintxo Txapelketan parte hartu zuen pintxo tradizionalen atalean, eta finalisten artean egotea lortu zuen. Honako pintxo hau aurkeztu zuten Bizkaiko txapelketara: kalabazin arrautzeztatua ahuntz-gazta, urdaiazpiko iberiko, tipula karamelizatu eta etxeko alioli saltsagaz.