Nondik datorkizu motoekiko zaletasuna?
Motoak txikitatik gustatu izan zaizkit; klasikoak, adibidez: Vespa eta Lambretta. 22 urtegaz Vespa bat erosi guran nenbilen, baina kostatu zitzaidan, eskaria handia zelako. Azkenean lortu nuen bat, Vespa pk 75 xl bat. Donostiara joan nintzen erostera, eta handik furgonetan ekarri nuen. Vespa ez da moto azkarra, frenatzea kostatzen zaio, baina bere xarma du. Elegantea da, eta baziloia, aldi berean. Lehengo gauzak gustu gehiagoz egiten zirela esango nuke, eta kalitatez ere hobeak ziren.
Moto beragaz jarraitzen duzu?
Ez. Moto hori saldu egin nuen, pena handiz. Urte batzuk egin nituen beragaz, baina txiki geratu zitzaidan. Iragarkia ipini nuen egun berean saldu nuen; madrildar batek erosi zidan. Gero, Vespa sprint 150 bat hartu nuen, 1966koa. Halakoak gidatzeko, baimen berezia behar da, eta eskaria txikiagoa da, beraz.
Noiz hasi zinen topaketetan parte hartzen?
Ezagun batzuek motoa zuten, eta banekien asteburuetan-eta irteerak egiten zituztela elkarregaz. Arrasaten elkartea sortu zuten orain urte batzuk, eta Mondrally topaketa antolatzen hasi ziren. Musika mundutik ezagutzen nituen batzuk, eta hara joaten hasi nintzen. Bakarrik joatea ondo dago, baina jendeagaz joatea hobea da: ibilbide luzeagoak egin ditzakezu, otorduak partekatu ditzakezu... Euskal Herrian aldats mordoa dago, eta moto zaharragaz aurrera egin ezinda geratzen nintzen; horregaitik erabaki nuen aldatzea. Hemen, alde batera Kanpanzar dugu, eta bestera Urkiola; beraz, moto aldaketa ondo etorri zait (barrez). Moto handiagaz kotxeen pare joan naiteke, indarra du eta mendateetan ere ondo erantzuten du. Hamar orduko bidaiak egin dituzten lagunak ditut, adibidez. Gehiago edo gutxiago kostata, baina heldu heltzen gara. Oinarrizko motoak dira; motorra dute, balaztak, argia eta txirrina. Egia esan, ez dute gehiago behar.
Zein izaten da plana?
Normalean, heldu eta gune berean aparkatzen ditugu motoak. Erakusketa moduko bat ere egiten dugu horrela; izan ere, elkarren ondoan ipinita, dozenaka moto klasiko deigarri egiten dira. Aspaldiko ezagunak eta jende berria ezagutzeko aukera ona da, bai inguruetakoa eta baita beste erkidego batzuetakoa ere. Elkarregaz ibilbide bat egin, eta gero bazkaltzera joaten gara. Aukera bikaina da afizioa elkarregaz partekatzeko; jende jatorra dago, afizio bera duguna, eta asko ikasten dugu elkarrengandik.
Askok biniloekiko zaletasuna ere partekatzen duzue.
Kaskamotz, reggae edo mod kulturetan, moto hauek ohikoak dira, eta baita biniloak ere. Beraz, topaketetan zaletasun horiek ere batzen dira, eta pintxadak eta kontzertuak ere egoten dira.