Etxekoak faboritoen artean Anboto Kilometro Bertikalean irabazteko

Joseba Derteano 2024ko urr. 3a, 19:00

Anboto Kilometro Bertikalak 15. aldia egingo du zapatu honetan. Erronka urterokoa da: 15:00etan Arrazolatik irten eta 3,8 kilometrotan zehar 1.092 metroko desnibela gainditu beharko dute korrikalariek, Anboto mendiko tontorrera heldu arte.

Iazko irabazleek berriro irabaztea dute helburu: Lide Urrestarazu ordiziarrak emakumeetan eta Iñigo Alzola arrasatearrak gizonetan. Parez pare izango dituzten aurkarien artean, eskualdeko bi nabarmendu daitezke: Oihana Azkorbebeitia abadiñarra eta Aitor Ajuria otxandiarra. Bata zein bestea sasoi onean daude; Azkorbebeitiak Mañaritik Atxetara proba irabazi du oraintsu, eta Ajuriak Sorginen Lasterketa. Gainera, biak hamar onenen artean sailkatu ziren joan zen asteburuko Gorbeia Suzien lasterketan. Emaitza bikaina da kontuan hartuta Sky World Series munduko koparen barruko proba zela.

Hauekin batera, badira ahaztu ezin daitezkeen beste izen batzuk ere. Esaterako, Guillermo Ramos gizonetan, eta Onditz Iturbe eta Garazi Abasolo emakumeetan. 

Saria errekorrarentzat
Irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro eta hiurgarrenak 100 euro. 500 euroko sari berezi bat ere badago errekorra apurtzen duenarentzat. Gaur egun, errekorrak Marco de Gasperiren (37:14) eta Oihana Azkorbebeitiaren (45:59) eskuetan daude.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!