Gazta dastatuta hasiko dute eguna, 11:00etan. Berez, txapelketa bat da. Izan ere, bertaratzen direnek hamar-hamabi gazta probatu eta puntuatu ahal izango dituzte.
Goizetik eguerdira, Zeanuriko ekoizle batek ardi latxaren artileagaz egindako jantziak, poltsak eta bestelakoak erakutsiko ditu, eta tailer bat eskainiko du. Bai tailer hau eta baita gazta lehiaketa ere, Axpeko frontoian izango dira. Ondoren, 12:30ean, ardi-txakur txapelketa hasiko da; lau artzain txakur banagaz arituko dira: Aitor Urien (Abadiño), Xabier Arriaga, Amaia Hondartza eta Mikel Etxebarria.
Artzain Eguna beste ekimen bik ere osatuko dute: goiz osoan ikusgai egongo den ardi eta aharien erakusketak, eta12:00etan hasiko den ardi moztaileen erakustaldiak. Horrez gainera, Acol elkartekoak diren eta 80 urtetik gora dituzten pertsonak omentzen dituzte urtero, eta, aurten, Axpen bertan bizi den Antonio Alkorta artzaina omenduko dute.