Atxondoko Udalak kutsakorra den fibrozementuzko uralita multzoa erretiratu du Arrazola erreka ondotik

Joseba Derteano 2024ko ira. 19a, 20:00

Herritar batek emandako abisuari kasu eginda, Atxondoko Udalak fibrozementuzko uralita multzo bat aurkitu zuen abuztuan Arrazola errekaren inguruan, udalak ohar batean jakinarazi duenez. Ondoren, material kutsakorretan espezializaturiko enpresa bat kontratatu zuen, uralita multzoa erretiratzeko eta behar zen moduko trataera emateko.

Mota horretako fibrozementuzko uralitak osasunerako "oso kaltegarriak diren elementuak ditu, amiantoa kasu", ohartarazi dute udaletik. "Ingurumenerako ere oso kutsakorrak dira, batez ere elementu horiek errekako uragaz nahastu daitezkeelako", gaineratu dute.

Erantzukizunerako deia
Ildo horretatik, Atxondoko udal arduradunek “erantzukizunez jokatzera” deitu dituzte herritarrak. “Horrelako material kutsakorra ezin da edonon bota. Herritar bakoitza arduratu behar da horretaz, ez udala. Espezializaturiko enpresa batek kudeatu behar izan du", ohartarazi dute oharrean. Bestetik, udaletik praktika txarren kontra egiteko “borondate irmoa” erakutsi dute. “Ez dira jokabide onargarriak. Herritarren ongizateari eragiten dioten praktikak salatzen eta haien kontra egiten jarraituko dugu”, adierazi dute udal arduradunek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!