Arrazolako Pala Txapelketako txapelak, irabazlearen zain

Anboto 2024ko ira. 19a, 15:49

Hiru mailetako txapelak.

Aurten 64 palista aritu dira. Finalak zapatu goizean jokatuko dituzte.

Arrazolako 12. Oier Pala Txapelketa arrakastatsua izaten ari da aurten ere. Guztira, 64 palista aritu dira lehian, buruz buru, ekainetik hona. Antolatzaileak "pozik eta harrituta" daude txapelketak urterik urtera hartu duen dimentsioarekin. Hiru hilabetez, astegunetako egunik gehienetan partiduak izan dira Arrazolako pilotaleku labur eta bitxian. Eta partiduen harira, sarritan 20 lagun edo gehiago batu dira harmailetan. "Giro polita egoten da. Arrazolari ematen dion bizitasuna, guk horri ematen diogu balorea", adierazi du txapelketako antolatzaileetako bat den Ibai Buruagak.

Parte hartzaileen artean 50 urtetik gorakoak nahiz 13-14 urtekoak aurkitu daitezke; atxondarrak eta inguruko herrietakoak. 25 tantorako partiduak jokatu dituzte, teniseko pilotarekin. Arrazolako pilotalekuak baditu bere berezitasunak, bere 'sekretuak', eta palistak lege propio horietara moldatu behar izan dira.

Hiru final, zapatuan

Hiru kategorietako finalak zapatuan jokatuko dira, 11:00etatik aurrera. Hirugarren mailakoan Gari-Eneko da finala; bigarren mailakoan, Aritz-Joseba eta lehenengo mailakoan, Egoitz-Bikuña. Maila nagusian Egoitz da faborito, txapelketa hainbat bider irabazi duelako.

Irabazleak, eguna doahinik

Sariak txapelketa bera bezain bereziak dira. Irabazleak txapela beste estimatuko du, beharbada, beste sari bat: eguneko jan-edana debalde aterako zaio.

Txapeldunordea ere ez da esku hutsik geratuko: bazkaritara gonbidatuko dute. Izan ere, txapelketari merezi moduko errematea emateko, Erlaunpe elkartean bazkalduko dute denek elkarrekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!