Atxondok txirrindularitza txapelketa berria estreinatuko du domekan: Emakumeen Saria

Anboto 2024ko abu. 15a, 11:38

Txirrindulariak Miotan gora, 2021eko proba batean.

20 bat txirrindularitza taldek eta 100 bat ziklistak parte hartuko dute kadete, Junior, Elite eta 23 urtetik beherako kategorietan. Irabazleak Euskadiko txapeldun izango dira.

Atxondok txirrindularitza txapelketa berri bat estreinatuko du domeka honetan. Udalerriko eta inguruetako errepideetan Emakumeen Saria jokatuko da lehenengo aldiz. 20 taldetan banatutako 100 bat ziklista lehiatuko dira, eta proba horietatik garaile irteten dutenek Euskadiko txapela irabaziko dute.

Jardunaldiak atal bi izango ditu. 9:30etatik aurrera, kadeteak lehiatuko dira. Txirrindulariek bi bider igaro beharko dituzte Miotako eta Axpeko gainak, guztira, 50 kilometroko ibilbidea osatzeko. 11:30etan, berriz, Junior, Elite eta 23 urtetik beherakoen txanda izango da. Honako hauen ibilbidea ere berdina izango da, baina bi bider barik, hiru aldiz igo beharko dituzte Miota eta Axpe. 75 kilometro, beraz. Proba biak Apatamonasterion hasi eta amaituko dira.

Txapelketaren antolatzailea Eneicat txirrindularitza taldea da. Emakume txirrindularientzako Euskadiko txapelketa bertan behera geratzeko arriskuan zegoela eta hartu dute txapelketa Atxondon antolatzeko ardura. "Ezin genuen Euskadiko txapelketa jausten utzi", esan dute antolatzaileek. Probako laguntzaileen artean, Euskadiko Txirrindularitza Federazioa, BIzkaiko Foru Aldundia, Atxondoko Udala, Abadiñoko Udala eta Iurretako Udala daude.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!