Atxondoko Udalak Apatako igerilekuko taberna esleitu du eta gaur ireki ditu ateak. Hasiera batean, igerilekuko ordutegi berdina izango du tabernak.
Udalak igerilekuaren kudeaketa zuzena berreskuratu du aurten eta hainbat hobekuntza egin ditu tabernan. Esaterako, sukaldeko etxetresna elektriko gehienak berriak dira, ontzi-garbigailua kasu. Horrez gainera, espazioa eraberritu eta elektrizitate sistema berritu du.
Azpiegitura berritu honetan hasi dira lanean tabernako arduradunak. Mondragon Unibertsitatean Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasketak burutzen ari diren hainbat gazte dira, 19 eta 21 urte artekoak. Durango, Elorrio, Gasteiz, Aretxabaleta eta Eibarko gazteak dira, besteak beste. Ikasketen harira urtero bidaia bat egiten dute. Alemanian eta New Yorken egonak dira, eta datorren urtean Hego Koreara eta Indiara joan gura dute. Enpresak bisitatu eta proiektuak garatuko dituzte herrialde horietan. Apatako igerilekuan batutako dirua bidaiak finantzatzeko erabiliko dute.
Ilusio eta gogo askorekin
Tabernan aritzeko “ilusio handiarekin eta gogo askorekin” daudela adierazi du Jana Roman Rosete 21 urteko gasteiztarrak. Azpiegiturarekin ez dute aitzakiarik. “Oso ondo dago dena. Ikusten da berriztuta dagoela eta etxetresnak berriak dira. Guretzako, perfekto!”, dio Ander Riviere Garcia 19 urteko aretxabaletarrak.
Jan-edanik ez da falta tabernan. Mota guztietako freskagarriez gainera, otartekoak, nachoak, patatak eta gofreak eskaintzen dituzte, besteak beste.