Apatako jaiak eguenean hasiko dituzte, txopoa jasota eta Buztenikerak talde feministaren pregoiagaz

Joseba Derteano 2024ko eka. 26a, 09:00

Rumba doinuak euskaraz abesten dituen Alarma Morea taldeak kontzertua emango du txopo egunean.

Apatamonasterioko jaiak ate joka daude. Datorren asteko eguenean jasoko dute jaiei hasiera emango dien txopoa, eta, Apatako Jai Batzordeak antolatuta, ekimenez beteriko lau egun hasiko dira. Aurten Atxondoko Buztenikerak talde feministari dagokio txopo eguneko pregoia irakurtzea. 

2019ko greba feministara begira herrian baturiko emakume talde batean dago Buztenikeraken hazia. Ondorengo urteetan batzen jarraitu zuten, data konkretu batzuetan. Iaz Buztenikerak taldean gorpuztu zuten mugimendua, papar hori eta buztan luzeko txoriaren izena hartuta. "Txori hauek erakutsi digute denok egin dezakegula gure lekua. Beraz, zabaldu ditzagun denok hegoak, koloreztatu dezagun gure ingurua. Izan gaitezen aske, izan gaitezen buztenikera", jasotzen du taldearen sorrerako idatziak. Pregoia irakurtzeko ohorea "ilusio handiz eta erantzukizunez" hartu dutela diote taldeko kideek. 

Txopo egunak osagai gehiago ere izango du. 12:00etan jubilatuen luntxa egongo da soziedadean. Arratsaldean, 18:00etan, txopo txikia apainduko dute Gaztetxean. Ondoren, kalejiran joango dira plazara txopoa jasotzera. Azkenik, 21:00etan, Alarma Morea taldeak kontzertua emango du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!