[EGITARAUA] Axpen San Joan jaietan murgilduko dira ekainaren 21etik 24ra

Anboto 2024ko eka. 18a, 17:43

Axpeko San Joan jaiak ate joka datoz. Barikuan txopoa jasota, adin eta gustu guztietarako lau jai egun hasiko dira, Axpeko Jai Batzordeak antolatuta.

Musika eskaintzari dagokionez, Haize-arrosa, Andoni Oilokiegi eta DJ Bullek kontzertuak eskainiko dituzte bariku gauean. Haize-arrosa boskote berriztarrak Ez dogu zor ezer diskoa kaleratu zuen iaz. Pop eta trikitixa doinuak uztartu, eta bestelako soinu eta erritmo batzuetara bidaiatzen dute lan horretan. Andoni Oilokiegi musikari gazte pasaiarra ezagun egin da Euskal Herriko edota munduko abestiak paratzeko duen moduagatik. Aurten, bere lehendabiziko diskoa kaleratu du: Bekataria. DJ Bull, berriz, aurkezpenik behar ez duen musikaria da. Orain 20 urte hasi zen kalean musika jartzen eta harrezkero bere ibilbidea etenik bakoa izan da.

Zapatuan ere badago dantzarako tartea. Esaterako, askotariko musika tresnak batzen dituen Ein GO taldearekin. Euskal Herrian sustraitutako kantutegia eskaintzen du; batez ere, euskal kantutegia, baina bestelako proposamenei aterik itxi barik. Afalostean doinu mexikarrak izango dira nagusi Los Tenampas mariatxi talde nafarrarekin. 2022an ere Axpeko jaietan jo zuten. 

Turista mozorrotzeko deia
Mozorro egunak harrera ona izan du antolatzen hasi zirenetik hona eta urteroko ekimen bihurtu da. Azken urte bietan ‘Mexiko’ eta ‘Andaluzia’ izan dira mozorrotzeko gaiak eta aurtengoa honako hau da: ‘Turistak Axpen’.  Mozorro onenak saria izango du.

Egun berean, zapatuan, bakailao eta tortilla txapelketak izango dira frontoian. Bakailaoa produktu garestia denez, txapelketako diru sariak berdinak izango dira denentzat. Hori bai, irabazleak sari berezi bat eramango du.

Eta zelan ez, domekan, San Juan Egunaren  bezperan, sanjuan sua egiteko tradizioari eutsiko diote, Elizaldeko landan. Jaiek dirauten egunetan Atx-Azpi elkartea taberna moduan zabalduko dute jai batzordeko kideek, bokatekin eta edariekin. 

EKAINAK 21, BARIKUA

19:00-20:00 Pintxo potea
20:00 Txopoaren jasotzea. Txosnan bokatak salgai.
21:30 Kontzertuak:
- Haize-arrosa
- Andoni Oilokiegi
- DJ Bull

EKAINAK 22, ZAPATUA

Mozorrotzeko gaia: Turistak Axpen. Mozorro onenak saria izango du. Argazkiak aterako dira.

12:30 Igel txapelketa
Goizean zehar: Pil-pilean egindako bakailao txapelketa eta patata tortilla txapelketa.
- Partaide bakoitzak behar dituen osagai guztiak eraman behar ditu.
- Bakailao txapelketako diru sariak berdinak izango dira partaide guztientzat. Irabazleak sari berezi bat eramango du. Kazola bakoitzak gutxienez zortzi tajada izan beharko ditu.
- Sariak gazteentzat eta nagusientzat egongo dira.
- Aurkezpen ordua: 14:00
Ondoren: Herri bazkaria. Parte hartzaileek euren lagun taldearekin frontoian bazkaldu ahal izango dute. Jai batzordeak ogia eta kafea jarriko ditu.
Bazkal ostean: Bingoa
17:00 Mus txapelketaren hasiera.
19:00 Ein GO taldearen ekitaldia. Afaltzeko bokatak salgai egongo dira.
22:00 Los Tenampas mariatxiak.

EKAINAK 23, DOMEKA (Umeen Eguna)

Goizean, Saiheski pintxoak salgai.

11:30 Meza nagusia.
12:30 Atxondoko Andasto dantza taldea.
13:00 Mus txapelketaren amaiera.
Egunean zehar: ‘Zintzilik Emozioen Laborategia’. Umeentzako abentura parkea. 
21:00 San Juan suak. Amaieran txokolatea.
Afaltzeko, Bokatak salgai txosnan.

EKAINAK 24, ASTELEHENA (San Juan Eguna)

11:30 Meza nagusia. Ondoren, herri jubilatuentzat luntxa.
17:00 Briska txapelketaren hasiera eta amaiera. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!