Atxondoko igerilekuak ostiral honetan hasiko du udako denboraldia

Anboto 2024ko eka. 17a, 12:00

Atxondoko igerileku denboraldia hastear da. Ekainaren 21ean, ostiral honetan, irekiko ditu ateak eta irailaren 1era arte egongo da zabalik. Ordutegia honako hau da: Astelehenetik igandera, 11:00etatik 20:00etara. 

Atxondoko Udalak igerilekuaren kudeaketa zuzena berreskuratu du aurten eta hastear den denboraldiari begira azpiegiturak hobetzeko hainbat lan burutu ditu, ohar batean informatu duenez. Aldaketarik nabarmenenak tabernan egin dira, udalak hainbat obra egin duelako bertan. Batetik,  espazioari beste itxura bat eman diote hormak berriro pintatuta eta sabaia pladur geruza batekin babestu da. Horrez gainera, elektrizitate sistema osoa berritu du. Bestetik, sukaldeko etxetresna elaktriko gehienak berriak dira, ontzi-garbigailua kasu. Armairu berriak ere jarri dira. Gainera, aldagela txiki bat ere badago orain taberna barruan. 

Lan hauen helburua "igerilekuan eskaintzen den zerbitzua hobetzea da eta baita osasun sailak eskatutako betekizun batzuetara egokitzea ere". Tabernako eraberriketak 46.520 euroko inbertsioa eskatu du.

Udalak tabernaren kudeaketa esleitzeko hainbat saiakera egin du, baina momentuz ez da lortu. Orain, epealdi berri bat abiatu du, interesatuek proposamenak aurkezteko. Lehiaketako oinarriak udaleko ondoko loturan begiratu daitezke:  https://labur.eus/X2AKm 

Igerilekuari dagokionez, ura berrerabiltzeko sisteman konponketa lan txiki batzuk egin ditu.

Liburutegi Txokoa

Aurten Liburutegi Txokoa berreskuratu egingo da. Horrela, igerilekuko sarreran liburutegitik eramandako hainbat liburu egongo dira eskuragarri. Gura duenak liburu bat edo gehiago hartu dezake igerilekuan dagoen bitartean irakurtzeko, ondoren hartutako tokian uzteko baldintzarekin. Adin guztiei begirako liburuak egongo dira aukeran, baita aldizkariak eta egunkariak ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!