Kontzertuak barikuan Arrazolan, Amillenako PlazerKEkeriak zikloa ixteko

Joseba Derteano 2024ko eka. 6a, 09:30

21:00etatik aurrera musika eta jan-edana egongo dira. Ginger eta No Name Tiriti! musika taldeak eta Bad Sound Sister musika jartzailea egongo dira.

Amillenako kideek bukaera emango diote bihar PlazerKEkeriak ziklo kulturalari. Hori bai, behar den moduan. Musikak jantziriko jai batekin. Izan ere, barikuan, 21:00etatik aurrera, Ginger eta No Name Tiriti! taldeen kontzertuak eta Bad Sound Sustem musika jartzailea izango dituzte Arrazolako plazan.

Antolatzaileek azaldu dutenez, azken hilabeteotan martxan izandako PlazerKEkeriak zikloak "oso harrera ona" izan du. "Herriko zein kanpoko herritar ugari etorri da. Afariak, gabon zahar gaueko jaia, artisau azokak, sardina-janak... halakoak antolatu ditugu era autogestionatuan", gogoratu dute.

Gaurkoa ziklo baten amaiera izango den arren, ikasturtean bizitakoak "indarra" eman die aurrera egiteko, eta ez dute bestelako egitasmorik antolatzea baztertzen. "Izan ere, hirietara joaten ibili barik, kultura Arrazola bezalako eremuetara ekartzea gauza ederra da". Etorriko diren ekitaldi berrien zain, oraingoz, biharkoaz gozatzeko aukera egongo da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!