Atxondo Herri Eskolako jolasguneko lehenengo faseko lanak amaitu dira asteon. Udalak eraman ditu aurrera, eskola komunitateak egindako lanketa oinarri hartuta. Urte hasieran abiatutako lanek 129.527 euroko aurrekontua izan dute eta zati bat diru-laguntzen bidez estali da, udalak ohar batean jakinarazi duenez.
Jolasgunean aterpe bat jarri dute eta haren azpian egurrezko eszenatoki bat, erabilera anitza izan dezakeena. Etorkizunean, bigarren fase batean, jolasgunean berrikuntza gehiago egitea aurreikusten da.
Espazioa berrantolatuz
“Jolasgunea beste modu batera antolatuta aukera gehiago eskainiko zituela uste genuen eta ideia horretatik abiatu ginen”, gogoratu du egitasmoaren sorburua Saioa Alzolak, Atxondo Herri Eskolako zuzendariak. Une hartan futbol zelaiak hartzen zuen espazio ia osoa.
Irakasle, ikasle, guraso eta, oro har, eskola komunitatearen artean gogoeta prozesu bat hasi zuten, espazioa zelan berrantolatu pentsatzeko. Bertan irtendako proposamen eta ideiak eredu batean bateratu eta, premien arabera, lehentasunak markatu zituzten. Lanketa horrekin jo zuten udalera eta honek proiektua errealitatera eraman du.
Lanen ostean eta futbol zelaiaren tamaina murriztuz, jolasgunean espazio bi daude orain: kirolgunea, futbol zelaiak, saskibaloirako saskiak eta mahai teniseko mahaiak osatzen dutena, eta, eszenatokia duen erabilera anitzeko gune berria. Gune hori “aukera anitzak ematen dituen espazioa” dela uste du Alzolak. Umeek euren askotariko interesak garatzeko eta adierazteko aukera eskaintzen du. Aterpeak, berriz, babesa eskaintzen du egun euritsuetan eta gerizpea egun eguzkitsuetan.
Ezkerretik hasita: Larraitz Agirre guraso elkarteko kidea, Eneritz Agirre Atxondoko alkatea, Leire Sanchez guraso elkarteko kidea, Saioa Alzola herri eskolako zuzendaria eta Urkiol Arkarazo guraso elkarteko kidea, eskolako aterpe berriko eszenatokian.