"Jendea pozik eta esker oneko agertu zitzaigun. Egia esanda, Marixurrikek hartu-eman estua izan du herritarrekin, eta beti eskertu izan digute egindako lana. Pena ematen zigun denak bertan behera uzteak, eta jaiagaz jarraitzea erabaki genuen", azaldu du Marixurrikeko kide Amaia Camuñasek.
Maiatzaren 25eko jaia askotariko tailerrekin hasiko dute, 11:30ean. Besteak beste, tote bag telazko poltsak dekoratzeko tailerra egongo da plazan. Eguerdian, 14:30ean, bazkari herrikoian batuko dira. Nork bere janaria eraman eta plazan bazkalduko dute. "Iaz bazkariak harrera ona izan zuen eta aurten errepikatzea erabaki dugu", esan du Camuñasek.
Egunak bingo musikatuagaz jarraituko du, 17:00etan. Segidan, 18:00etan, DJ Track-egaz kalejiran irtengo dira, jai giroa herri osotik barreiatuz. Ibilaldia gaztetxearen aurrean amaituko da. Gaztetxean luntxa izango dute zain, eta, ondoren, musika izango da.
Kartel lehiaketa
Herriko umeek ere euren aletxoa ipini dute. Egitaraua iragartzeko kartel lehiaketan bost umek parte hartu dute, eta, bozketa baten bitartez, herritarrek Maddi Elustondorena aukeratu dute.