Atxondoko Udalak Bizkaiko Elikagaien Bankurako joan-etorrien ardura hartuko du aurrerantzean, Harrera Herriari laguntzeko

Anboto 2024ko api. 22a, 12:45
Atxondoko Udaleko, Atxondo Harrera Herriko ordezkariak eta gazte etorkinak, joan zen barikuan Bizkaiko Bankutik ekarritako elikagaiekin

Basauriko biltegitik Axpeko aterpetxerako garraio lanak udaleko brigadako langileek egingo dituzte.

Atxondoko Harrera Herriak hainbat etorkini nahiz herrian beharrean dauden familiei laguntzeko lanean dihardu 2018tik hona. Basaurin dagoen Bizkaiko Elikagaien Bankuaren bidez, beharrean daudenak elikagaiz hornitzea da bolondres talde honek egiten duen lanetako bat. Orain arte harrera taldekoak eurak joaten ziren Basaurira elikagaiak jasotzera, baina joan-etorriak euren lanorduekin bateratu beharrak nahiz bestelako kontuek, zaildu egiten duten garraioa. Udalari laguntza eskatu zioten eta erakundeak baiezkoa eman die. Aurrerantzean Atxondoko Udaleko brigadako langileak arduratuko dira, hilean behin, elikagaiak udaleko furgonetan jaso eta Atxondoko aterpetxera eramateaz.

“Herritarrei nahiz etorkinei laguntzeko bolondres-lan handia egiten dute eta eurei laguntzea garrantzitsua dela uste dugu”, adierazi du Eneritz Agirre Atxondoko alkateak. Harrera taldeko kideak, berriz, “esker oneko” agertu dira. “Guretzako sekulako laguntza da”, dio harrera taldeko Leire Azkargorta Erizek. 

Askotariko lanak

Atxondoko Harrera Herriak 2018an hasi zuen bere bidea, baliabide bako etorkinei laguntzeko helburuagaz: bizitoki bat eskainiz —Axpeko aterpetxea—, ikasketak egiteko erraztasunak emanez… Elikagaiak ere jasotzen zituzten Bizkaiko Bankutik. Orduan, herrian elikagaien beharra zuen jende eta familia gehiago zegoela ohartu ziren eta Basaurirako joan-etorria eurei laguntzeko ere baliatzea erabaki zuten.  Harrezkero, udaleko gizarte langilearekin hartuemanetan jartzen dira beharrean dauden familien zerrenda jasotzeko. Hileko hirugarren barikuetan, elikagaiak ekartzen dituzte eta Axpeko mutilak eurak arduratzen dira elikagai-loteak antolatzeaz.

Axpeko aterpetxean elikagai loteak prestatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!