"Josteko makinagaz lotura polita izan dut betidanik"

Aitziber Basauri 2024ko mar. 24a, 10:20

Askotariko oihal koloretsuak daude Arantza Rodriguezek Atxondon duen tailer txikian. Batez ere, irakasleentzako amantalak egiteko. Baina giltzatakoak, osagarriak eta haur bilduma sortzeko ere bai. Gehienbat Bilboko eta Gasteizko azoketan saltzen duen arren, eskualdeko azoketan ere parte hartzen du (@hasi.ta.hazi).

Zelan jaio zen Hasi Ta Hazi proiektua?
Etxean josteko makina izan dugu beti. Joskintzan lan egiten duen laugarren belaunaldia naiz, eta betidanik gustatu zait. Amaren josteko makina nire logelan zegoen eta gogoan dut apur bat josteko eskatzen niola amari nik lo hartu aurretik. Erlaxatu egiten ninduen. Josteko makinagaz lotura polita izan dut betidanik. Gurasoak aspalditik urrun bizi dira, baina pandemiak Atxondon harrapatu zituen. Bada, elkarregaz etxean emandako ordu haiek guztiak amagaz ikasteko aprobetxatu nituen. Orduan hasi nintzen josteko makinagaz apur bat jolasean.

Gizarte langilea zinen eta lan hori utzi egin zenuen proiektu berriari ekiteko. Erabaki gatxa izan zen?
Ez. Behar nuen aldaketa egitea, bihotzetik irten zitzaidan. Banekien hauxe zela nire bidea. Josteko makinaren aurrean jesarritakoan, beste sentsazio batzuk nituen eta ehuneko ehunean joskintzan jardutea erabaki nuen. 

Irakasleentzako amantalak egiten dituzu batez ere.
Bai, lan horregaitik ezagutzen naute gehien. Inguruan hainbat irakasle dut eta kasualitatez hasi nintzen amantalak egiten. Diseinu berriak sortzen hasi nintzen, desberdinak, eta arrakasta handia izan zuten azoketan. Hezkuntza arlo horregaz lotuta, estutxeak, giltzatakoak, askarirako zakutoak, umeen amantalak... ere sortzen ditut. Horiez gain, haur bilduma ere badut. Gainera, orain produktu esklusiboagoak egiten ditut, estanpatu propioak sortzen hasi naiz eta.

Hori da zabaldu duzun bide berria?
Bai, apurka-apurka diseinu esklusiboekin produktu berriak sortzea da batez ere nire asmoa hemendik aurrera, osagarriak sortzea. Irudia modu digitalean sortzen dut, eta inprimatzera bidaltzen dut gero. Oihalak heltzen direnean josi egiten ditut. Iazko udan pisti-poltsak eta nezeserrak egiten hasi nintzen.

Horretan lan egin gura duzu, batez ere?
Nire merkatua irakasle amantalak dira, irakaskuntza mundua. Horixe da gehien saltzen dudan produktua, eta horregaz jarraituko dut. Premien arabera, geroago eta aukera gehiago eskaini gura dut. Diseinu berriak eskaintzen hasi naiz (mauka luzekoak, ikasle edo haur amantalak...). Baina ilusioa egiten dit neure estanpatu propioak sortzea, bereizteko modu bat da.

Zelan definituko zenuke Hasi Ta Hazi? Nora heldu gura zenuke?
Proiektuaren hasiera naiz, eta ama, amama eta birramama hazia izan dira honetan hasteko. Hortik dator izena; arbasoei eginiko omenaldia da. Irakasleen munduan Euskal Herriko erreferenteetariko bat izatea dut helburu eta desio.

Eskuz eginiko lanak dira. Horrek balio erantsia du.
Bai, jakina. Eta etika handiagoagaz sortuak dira. Gainera, uste dut Euskal Herrian asko baloratzen dela artisau lana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!