“Lurretik aldentzen goaz eta teknologiaren menpe bizi gara”

Aitziber Basauri 2023ko urr. 7a, 12:03

Irrati esataria, euskara irakaslea eta bikoizketan aitzindaria izan da Jesus Eguzkitza 'Eguzki' (Atxondo, 1946). Labayru Fundazioak ohorezko laguntzaile izendatu zuen 2019an, eta 2021etik ohorezko euskaltzain ere bada. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, ibilaldi berezia gidatuko du Arrazolako antzinako trenbidean zehar. 

Zertzuk kontatuko dituzu domekan?
Lehengo ohitura batzuk erakutsi gura nituzke, lehengo mundua. Arrazolako ondare immateriala, oinarrian ditugun gauza materialen bitartez: eskola, frontoia, plaza, eliza, elizatea... Trenbide zaharrean zehar, Errotabarrira heldu artean, 9-12 geldialdi egin gura nituzke, Arrazolako plazan hasita. Antzinako siniskeretan ere sakondu gura nuke. Martzako Jauntxoaren agintarikeriapean, Frailearen siniskera sendoaren araupean eta Mariren adurpean bizi garela azalduko dut; adurra delarik gizakiok lurreko berezko indarrekin daukagun kontaktatzeko sistema.

Galdakon bizi zara, baina ia bizi erdia Anbotoren altzoan egin duzu. Zer sentitzen da Mariren adurpean?
Badut sentsazio moduko bat, joan diren azken 50-60 urteotan izan dugun eboluzioa azken 500 urteetakoa baino handiagoa dela. Herritasun eta baserritar izatea galdu dugu, 7.000 lanbide galdu ditugu, eta gariaren eta lihoaren kultura; galdu ditugu siniskera zahar denak, eta berriagoak ere bai –erritu ikuspegitik–. Horien ordez, beste siniskera batzuk sartu ditugu. Denek lurretik harantza eroaten gaituzte, lurretik aldentzen goaz, eta teknologiaren menpe bizi gara. Ustez mundura begirako leiho bat delakoan, herria egiten ari garelakoan, geure barrurago sartzen ete goazen sentsazioa dut. Bakartiago. Jakin gura nuke zelan islatu daitekeen munduaren ikuskera zaharra gure mundu teknologizatuan. Lurreko seme eta alaba gara, eta Mari da gure lurra, gure ama, gure dena. Arrazolan lurrera hurbiltzen naiz.

Ikastolen aldeko 'Kili Kili1' abestia zuk sorturikoa da. Zerk egiten dizu kili-kili zuri?
Gauza askok. Araua ahozkoa dela sinisten dut, eta idatzia ahozkoaren ispilua. Nire borroka guztiak hortik joan dira, eta oraindino ere hori dut ardura. Neurri batean, horretan jarraitzen dut lanean, Labayrugaz. Berbakera, ez hizkuntza, ez da zero kilometrokoa; Arrazolan gazteek ez dute hiketan egiten. Ezarri den metodologiak (irakaskuntzan, hedabideetan, literaturan... ) huts egin duela esango nuke. Euskarak, bat izatekotan, izan behar du eta izango da komunikazio legalerako. Lekuan lekukoari ematen zaiona baino metodologia indar handiagoa eman behar zaio. 

Bikoizketan aitzindari izan zara.
Bikoizketan baino gehiago testu lanketan lan egin dut. Nire eskuetatik itzultzaileen milioika folio pasatu dira. Horretan ibilitako 40-45 urteetan, testuak joan-etorrikoa izatea lortzea izan da nire ahaleginik handiena. Hala izan behar du bikoizketan, eta alde horretatik hari batzuk markatu nituen. Esateko idatzi behar da, eta entzuteko esan. Euskara irudimentsua egin behar dugu, irudira eta oihartzunera egokitua.

Dragoi Bola marrazki bizidunekin lotuta geratu da zure ahotsa. Gainera, abestiaren egilea ere bazara.
Bai, narratzailearen ahotsa nintzen. Testuak ere berrikusten nituen, eta horri eskerrak sortu nituen hasierako eta amaierako abestiak. Askok BBCko dokumentalekin ere lotzen naute. Wester pelikuletako aktore batzuk eta Morgan Freeman ere bikoiztu ditut. Borgiatarrak telesaileko lana bereziki gogorra izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!