Emakumeetan lehia estua espero da Oihana Azkorbebeitia abadiñarraren eta Lide Urrestarazu ordiziarraren artean: beteranoa eta gaztea aurrez aurre, izarra eta promesa. Biak puntu-puntuan daude. Azkorbebeitiak hiru kilometro bertikal irabazi zituen Asturiasen joan zen asteburuan: zapatuan bi eta domekan bat. Argi dago Anboto Kilometro Bertikala birritan irabazi duen abadiñarra sasoi betean dagoela. Berea da igoera honetako denborarik onena, 2018tik: 45.59. Lide Urrestarazu 24 urteko promesa da; errealitatea promesa baino gehiago, esango luke batek baino gehiagok. Aurten zer egiteko kapaz den erakutsi du 32 kilometroko Camille Extreme proban eta Sorginen Lasterketan: proba biak irabazi ditu. Faboritoen zakuan sartu beharrekoak dira Maria Zorroza —bigarren izan da Asturiasen, Azkorbebeitiaren atzetik—, Garazi Abasolo eta Maite Etxezarreta ere.
Gizonetan otxandiar bi daude irabazteko hautagaien artean: Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia. Biak Italian jokatuko den Skyrunner World Series-eko finalerako sailkatuta daudela da otxandiarren sasoi puntua ondoen islatzen duen datua. Iñigo Alzola aurkari latza izango dute. Maiatzean kilometro bertikalen Euskadiko txapelketa irabazi zuen Txindokin. Igoera hartan zazpi segundoko aldea baino ez zion atera Ajuriari. Arrasatearrak ondo ezagutzen du Anboto igoera, 2018an irabazi egin zuen eta. Imanol Goñi earra eta Jabi Goitia gernikarra ere irabazteko hautagaien artean daude.
Hasiera, 15:00etan
Parte hartzaileak banaka irtengo dira, 15:00etan hasita. Arrazolatik Anbotora 3,8 kilometroko bidea dago, 1.092 metroko desnibel positiboagaz. Irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 200 euro, eta hirugarrenak 100. Urtero lez, jai giroa eta jan-edanerako aukera egongo da Arrazolan, Asuntze Mendi Taldeko antolatzaileen esanetan.