ANBOTOk zuzenean emango du Sorginen Lasterketa, zapatu honetan; aurten hainbat faborito egongo da

Anboto 2023ko ira. 8a, 13:30

Antolatzaileek Twich bidez emango duten lasterketa 'anboto.org' webgunean ikusi ahalko da; Oier Ariznabarretak eta Ander De Luisek esatari lanak egingo dituzte. 

Irailagaz batera hemen da Euskal Herriko mendi korrikalarien artean ospetsu egin den eta erreferente den Sorginen Lasterketa. Zapatuan, lasterketaren 16. aldia jokatuko da eta aurten ere, iazko moduan, lasterketa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da, Twich bidez zein ANBOTOren webgunean. 9:00etan hasita, Oier Ariznabarreta eta Ander De Luis korrikalariek komentatuko dituzte zortzi kameragaz grabatuko diren irudiak. Errealizazio gunea Axpen bertan egongo da.

Ibilbideari dagokionez, azken edizioetako bera izango dute korrikalariek: 21 kilometro eta 1.700 metroko desnibel positiboa dituen ibilbidea. Korrikalariak 9:00etan irtengo dira, Axpeko plazatik, eta Mendigoikoa jatetxe ingurura igo eta han baso bideetan sartuko dira. Larrano azpitik Arrazolara joango dira, eta kaltzadan gora Zabalandiko leporaino. Behin Zabalandin, Anbotorako bidea hartuko dute. Pagozelaitik Asuntzara jaitsi, eta handik zuzenean Guenzelaira joko dute. Axpeko helmugara heldu aurretik, baina, korrikalariek Artolako lepora igo beharko dute. 

Hainbat faborito
Guztira, 350 parte hartzaile izango dira aurtengo Sorginen Lasterketan. Maiatzean zabaldu zuten izen ematea eta dortsalak berehala agortu ziren. Axpeko irteera puntuan egongo diren korrikalari guztien artean, hainbat faborito nabarmendu daiteke. Emakumeetan, Lide Urrestarazu eta Irati Zubizarreta gipuzkoarrak, Oihane Unzalu berriztarra eta Garazi Sampedro atxondarra daude hautagaien artean. Gizonezkoetan faborito nagusia iazko garailea da, Gontzal Murgoitio elorriarra. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azken orduko baja garrantzitsu bi izango dira aurtengo edizioan: Aitor Ajuria eta Markel Urigoitia otxandiarrak. Lesionatu egin dira biak, eta ezingo dute parte hartu.  

Hala ere, antolatzaileen berbetan, Gontzal Murgoitio elorriarrak aurkari gogorrak izango ditu aldamenean irteeran. Irazu Aranburu mallabitarra, Asser Alonso atxondarra eta Ander Gerrikaetxeberria zornotzarra aipatu dituzte, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!