Baserriko Uzta ekimenak Atxondoko Biezko Baserrian ospatuko du Udako Uzta, abuztuaren 26an

Anboto 2023ko abu. 13a, 19:00
Biezko baserria eta bere ingurua.

EHKOlektiboak kulturaren bitartez agroekologian oinarritzen diren etxaldeak eta herritarrak batzeko helburuarekin antolatutako ekimena da. Egun guztirako egitaraua antolatu dute, izen-ematea irekita dago eta akanpatzeko aukera eskaintzen dute.

Atxondoko Biezko Baserriak hartuko du txanda Udako Baserriko Uzta ekimenaren ospakizunean. Abuztuaren 26an Aner Garitaonandiak eta Oihane Lekunberrik beraien baserriko ateak parez-pare irekiko dituzte: “Hainbeste urte EHKOlektiboko talde eragilean ibilita, aurten gurean tokatzen da Baserriko Uzta egitea. Lehen aldia da Biezkon horrelako zerbait egiten duguna. Ardura handia da guretzat eta espero dugu ahalik eta ondoen pasatzea, jai eder bat egitea eta jende anitza hurbiltzea”, adierazi Anerrek.

2007. urtean inguruko herrietan etxez etxe banatzeko saskiak egiten hasi ziren baratzean ekoiztutako produktuekin. Gaur egun hainbat salmenta puntu dituzte: Durangoko merkatuan larunbatetan, Durangoko Marisatsa kontsumo elkartean eta Arrazolako Amillena jatetxean, adibidez. Baratzeaz gainera ,fruta arbolak, oiloak ,oilaskoak, erleak, fruitu txikiak, sendabelarrak, baso jangarria eta nekazal-turismoa dituzte, besteak beste.

Askotariko ekimenak

Ekitaldia  10:30etan abiatuko da ongi etorriarekin eta Axpeko parkinetik Biezkora joango dira bidean bertako historia eta kontuak entzunez. Ondoren, etxaldea bisitatuko dute. 12:30etatik aurrera, Uger rock talde bilbotarrak girotuko du hitzordua eta amaitzean, bazkaritara batuko dira EHKOlektiboko kideen baserrietako elikagaiekin. Arratsaldean zenbait ekintza egongo dira, hala nola: bakarrizketa saio bat, Joana Ocaña eta Garazi Magunagoitiaren eskutik; Astoturfer musika taldearen kontzertua, non Biezko baserriko Anerrek gitarra jotzen duen; eta Sendabelarren Destilazio tailerra, non sendabelarrak bildu eta alanbikean destilatuko diren Biezko baserriko Oihanerekin.

Nola parte hartu?

Baserriko Uztan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, ekitaldiak, bazkaria eta tailerra barne; 6-12 urte bitarteko haurrentzat 15 euro da. Aurretik izena eman beharko da www.ehkolektiboa.eus webgunean, tokia mugatua baita.

Akanpatzeko aukera

Edizio honetako egitaraua oparoa izango da. Hori dela eta, oraingoan berezitasun bat egongo da: bertan akanpatzeko aukera eskainiko dute. Horrela, lagun taldeak zein familiak animatu nahi dira esperientzia bere osotasunean bizitzera.

EGITARAUA

  • 10:30 Ongi etorria.
  • 11:00 Etxaldearen bisita.
  • 12:00 Hamaiketakoa.
  • 12:30 Uger taldearen kontzertua.
  • 14:00 Bazkaria: Arrazolako Amillena jatetxekoek prestatuta.
  • 16:00 Bakarrizketa. Joana Ocaña eta Garazi Magunagoitia.
  • 17:00 Sendabelarren destilazio tailerra.
  • 18:30 Astoturfer taldearen kontzertua.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!