Eskolako beharrizanekin botoak lortu gura izatea kritikatu du Atxondoko gurasoen elkarteak

Anboto 2023ko mai. 12a, 19:21

"Lotsagarria iruditzen zaigu lau urtetan eskolari bizkarra eman eta gero, hauteskundeetan bakarrik gogoratzea eskolarekin", kritikatu du gurasoen elkarteak ohar batean.

Atxondoko eskolako gurasoen elkartea kritiko agertu da Udalarekin, hauteskunde kanpainaren testuinguruan. "Eskolako guraso elkarteak lau urte eman ditu eskolako argiztapena eskatzen. Lau negu arratsaldeko 17:00etatik aurrera eskolako patioa erabili ezinik. Eta orain, bat-batean, argiak ipiniko dituztela iragarri dute", azaldu dute ohar batean. "Lotsagarria iruditzen zaigu lau urtetan eskolari bizkarra eman eta gero, hauteskundeetan bakarrik gogoratzea eskolarekin, eta eskolaren beharrizanekin jolastea botoak lortzeko", azaldu dute.

Ez da, ordea, elkarteak plazaratu duen kritika bakarra. Eskolak "berdegune barik" jarraitzen duela, eta sukalde barik jarraitzen duela gaineratu dute gurasoek. Haien ustez, udalak "ez du zilegitasunik egiten ari den promesak beteko dituela esateko". Abiadura Handiko Trena egiteko kamioien joan-etorriak direla eta, umeak "arriskuan" ipini direla ere kritikatu dute.

Sukaldea, "kolokan"

Atxondoko eskolan sukaldea ipintzea guraso elkartearen eskari historikoetako bat da. Eta atal hori ere aletu dute kritikan. "Beste ikasturte bukaera batean sartzen gabiltza, eta aurreko urteetan bezala, oraindik ez daukagu argi uda honetan sukaldeko obra egingo duten ala ez", diote. Atxondoko eskolako familiek sukaldea gura dutela eta uda honetan obrak hastea gura dutela azpimarratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!