Kultura mahaia sortu dute Atxondon herriko hainbat eragile eta herritarrek

Anboto 2023ko mai. 11a, 09:50

Hurrengo batzarra ekainaren 5ean egingo dute, 19:00etan, udal liburutegian. Herritarrei foro ireki honetara bertaratzeko gonbita egin diete.

Atxondoko hainbat eragile eta herritarrek kultura mahaia sortu dute. "Herrian zegoen behar bati erantzunez, modu desberdinetan kulturan, aisian edo kirolean eragiten ari garen talde eta norbanakoak gara", azaldu dute. Talde berri honek hainbat helburu ditu. Alde batetik, herriko eragile eta taldeen arteko saretzea du helburu. Bestetik, kultur agenda bateratu bat sortzea. Eta azkenik, herriko kultura dinamizatzea.

Bestalde, taldeko sustatzaileek udalari aintzat hartu ditzan eskatu diete, eta beraien sorreran laguntzeaz gain, kulturarako dituzten baliabideak beraien esku uzteko eskatu diete, elkarlanaren bidez.

Horrez gain, kultura mahaian herriko hainbat talde daudela ordezkatuta jakitera eman dute, eta herritar guztiak daudela bertara gonbidatuta. Momentu honetan herriko talde hauek daude kultura mahaian ordezkatuta: Marixurrike elkartea, Amillena, Anbotoko damak jubilatuen elkartea, Atxondoko IGE, Atxondo Harrera Herria elkartea, herriko hiru jai batzordeak, Kilometro bertikala eta Sorginen lasterketa mendi lasterketak eta Asuntze mendi taldea. 

Hurrengo bilera ekainaren 5ean izango da, 19:00etan, udal liburutegian. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!