Atxondon eskolako patioa estali eta eskola zaharra birgaitu gura dituzte

Anboto 2023ko api. 26a, 13:14

Ludoteka eta Haurreskolako lanak lehiaketa publikora atera dituzte. Enpresek maiatzaren 5era arte aukera dute beraien proiektuak udaletxean aurkezteko. 

Atxondoko Udalak iragarri du eskolako patioa estaliko duela, patioa hobetu asmoz. Udalak agertoki bat estali eta eraiki nahi du lehen fasean. Estalkiak 180 metro karratuko azalera izango du eta bertan, espazio bat zehaztea sartzen da, haurrentzako jolas eta antzezpenetarako bat-bateko agertoki gisa. 

Bigarren fase batean, berriz, pasabide bat, jolasgune batzuk eta itxitura perimetraleko hesien altuerak handituko dituztela jakitera eman du Atxondoko Udalak. Proiektuaren aurrekontu osoa, 372.300 eurokoa da eta inbertsioari aurre egiteko, laguntza eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. 

Ludoteka eta Haurreskola
Horrez gain, Apamonasterioko eskola zaharreko eraikina birgaitzeko obrak lehiaketa publikora atera dituztela azaldu dute, bertan Ludoteka eta Haurreskola zerbitzuak garatzeko. Eskola zaharrak 322 metro karratuko espazioa du eta lanek 133.425 euroko balioa izango dute. 

Proiektu honen lizitazioa maiatzaren 5era arte egongo da zabalik. Egun horretara arte, enpresek eskaintzak aurkezteko aukera izango dute interesatuek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!