Urkuzu baserria Kultur Etxe gisa birgaitzeko 1,2 milioi euroko proiektua aurkeztu du Atxondoko Udalak

Anboto 2023ko mar. 31a, 12:19

Udalak Next Generation funtsak eskatu dituela jakitera eman du. "Atxondoren etorkizuna markatuko duen inbertsio garrantzitsua bere gain hartzeko", azaldu dute gobernu taldetik. 

Urkuzu baserria Kultur Etxe bihurtzeko proiektuari ekin diola jakitera eman du prentsa ohar bidez Atxondoko Udalak. "Eraikina udalaren jabetzakoa da, eta kokapen egokia da bertan Kultur Etxe bat eraiki ahal izateko, atxondarrek eta herriko elkarteek behar dituzten zerbitzu guztiekin", azaldu dute gobernu taldekoek. 

Bestalde, oharrean gogorarazi dute aurreko legegintzaldian partaidetza-prozesu bat egin zela, "baina ezaguna zen, izurrite-arazo baten ondorioz, eraikinean ezin zela ezer egin". "Beraz, hori posible izan denean, proiektua prestatu eta dirulaguntza eskatu dugu", azpimarratu dute. 

Eraikinari dagokionez, azpiegitura moldagarri bat planteatzen dutela jakitera eman dute, erabilera-aldaketa posibleetarako malgua, betiere herritarren beharrizanetan pentsatuz. Gainera, energia berriztaezinen erabilera minimizatzeko eta energia optimizatzeko, eraikin berrituak autokontsumorako sistema fotovoltaiko bat aurreikusten duela azaldu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!