Atxondo "hormigoiaren erreinu" bihurtzen dabilela salatu du AHTaren aurkako plataformak

Anboto 2023ko ots. 1a, 12:03

Hori salatzeko, ekimen bat egin dute; plataformako kideek egindako bandoak ipini dituzte herrian zehar.

Atxondoko paisaia guztiz eraldatzen dabil azken hileotan, eta, hori salatzeko, Atxondoko AHTaren aurkako plataformako kideek ekimen bat egin dute asteon. Herriko hainbat tokitan, udalaren logoa ipini dioten bandoa itsatsi dute. Bandoan herriari izena aldatu diote, besteak beste. Apatamonasterio beharrean, 'Apatatorres' izena ipini diote. Eta udaletxean AHTaren bidaia txartel bonua eskuratu daitekeela ere ipini dute.

 "Bandoari umore kutsua eman diogun arren, min handia eta sakona ematen du ikusteak Atxondo hormigoiaren erreinu bihurtzen dabilela, kontuan hartuta lehen isiltasuna ere entzuten zela hemen", azaldu dute plataformako kideek. Horrez gainera, ekimena AHTaren obrek eragiten dituzten kalteen aurrean udalak duen jarrera salatzeko egin dutela adierazi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!