Eusko Jaurlaritzak Atxondoko eskola handitzeko obrak lizitatu ditu

Anboto 2023ko urt. 26a, 13:15

467.367 euroko aurrekontua du proiektuak, eta sukalde berria instalatzea aurreikusten du. 

Eusko Jaurlaritzak 467.367 eurotan lizitatu du eskolako guneak handitu eta birbanatzeko, baita sukaldea handitzeko ere. Proiektuaren helburua industria-sukaldaritza bat, haur-hezkuntzako gela berri bat eta Lehen Hezkuntzako bi gela ikastetxearekin elkartzea dira. "Albiste zoragarria da, hilabeteak generamatzan obra horiek lizitatzeko zain, eskolei zerbitzu handiagoak emateko. Gainera, jarduketa horri esker, eskolen eraikin zaharra birgaitu eta eraberritu ahal izango da haurreskolarako eta ludotekarako, hitz eman genuen bezala", adierazi du Xabier Azkarate alkateak. 

Bestalde, lan hauekin ikastetxeari azalera handiagoa emango zaiela jakitera eman dute, bertan sukalde berria instalatzeko. Sukalde berriak garbiketarako gune bereizi bat eta prestatzeko beste bat izango ditu, besteak best. 

Horrez gain, sarrerako atariaren zati batean haur-hezkuntzako gela berria eraikiko da, 25 umerentzako edukierarekin. Bainugela bat jarriko da eta gelak sarrera independente bat izango du ataripetik, zuzenean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!