“Datorren astean berriro Margalefera joango gara azkenengo pausoan jausi nintzen 8Ca igotzera”

Joseba Derteano 2022ko abe. 23a, 14:00

Ainhize Belarrek (Atxondo, 2006) sen eta talentu bereziak ditu eskaladarako. Estatuan, 8c zailtasuneko bide bat eskalatu duen emakumerik gazteena da. 2020an izan zen eta 14 urte zituen. Harrezkero, zailtasun berdineko beste bi igo ditu eta laster laugarren bat igotzen ahaleginduko da. 

Zelan zaletu zinen eskalada mundura? 
Aitak zaletu ninduen. Eskalatzailea da eta asteburuetan beragaz joaten nintzen. Durangoko kiroldegiko rokodromora joaten ginen eta arroketara ere bai, Araotzera, Oñatin. Ikastolan eskaladako ikastaroa zegoen eta han ere ibili nintzen. Lagunak zebiltzalako hasi nintzen. Dibertitzeko hasi nintzen, baina apurka geroago eta gehiago gustatu zitzaidan. Orduan ez nuen pentsatzen gaur egun nagoen tokira helduko nintzenik. 

Gaur egun non entrenatzen zara?
Pedro Bergua entrenatzaile ezagunagaz nabil. Internetez bidaltzen dit planifikazioa eta gero ni neure kabuz entrenatzen naiz. Entrenamendu saioen arabera erabakitzen dut nora joan. Esaterako, orain Sputnik berria zabaldu dute Berangon, oso ondo dago eta askotan joaten naiz.

Gustura zabiltza zeure kontura entrenatuta?
Pertsona ordenatua naiz, dena zehatz-mehatz eramatea gustatzen zait, eta, beraz, neure kontura ibilita oso gustura nabil. Asko gustatzen zait eskalada eta ez zait entrenatzea kostatzen. Eskaladarik barik, ez dakit, hutsune moduko bat sentituko nuke. Eta argi dut hobetzeak dedikazioa eta sakrifizioa eskatzen dituela.

2020an ezagutu zintuen munduak, 14 urtegaz 8c zailtasun mailako Gezurren erresuma bidea igo zenuenean. Zelan gogoratzen duzu prestaketa eta igoera bera? 
Sasoi hartan Gaubeara (Araba) joan ginen askotan, COVIDagaitik ezin genuelako Euskaditik irten. Bideak egiten hasi nintzen, hurrengoa aurrekoa baino gatxagoa. Azkenerako, 8b gutxi geratzen zitzaizkidan eta 8c bat probatzea erabaki nuen. Hura beste kontu bat zela konturatu nintzen. Baina apurka aurrerapausoak eman eta motibatu egin nintzen. Uda zen eta bero handia egiten zuen. Urrian bueltatu eta orduan igo nuen. 

Orduan bazinen kontziente lortu zenuenaz?
Momentuan bertan ez nintzen hain kontziente. Hedabideetan irteten hasi nintzen, “8c bat egiten gazteena” eta horrelako titularrak irakurrita. Jende askok zoriondu ninduen eta lotsa apur bat ematen zidan. Gerora, egia esan, asko pozten nau non hasi nintzen eta nora heldu naizen ikusteak. 

Bigarren 8c-a Skin Dead izenekoa izan zen. Zelan joan zen?
Gutxiago kostatu zitzaidan. Badakizu non sartu zaren eta zer topatuko duzun. Bide hau ere Gaubean dagoenez, ez nuen eskalada estiloa aldatu beharrik izan. 

Hirugarrena, Kulun Gele. Denetan gatxena?
Bai, gatxena. Beste biak horma zuzenak dira. Kulun Gelek desplomea du eta, gainera, pauso luzeak ditu. Orain urte bi ezingo nuen egin, inondik inora. 

Buruan duzu laugarrena?
Ea urte amaieran lortu dezakedan. Zubiko lau egunetan Margalefen (Katalunia) egon nintzen. 8c baten azkenengo pausoan jausi nintzen. Datorren astean berriro joango gara eta 8c hori igo gura nuke. 

Aurten txapelketa askotan ere parte hartu duzu. Zelan uztartu dituzu arrokagaz? 
Txapelketa mordoa izan dut, bai, eta arroka eta txapelketak ez dira bateragarriak. Txapelketetako mugimenduak oso espezifikoak dira eta rokodromoan entrenatu behar da, derrigor.  Ordu nahikotxo sartu dut rokodromoan. Pena apur bat eman dit, arroka asko gustatzen zait eta.

Maila absolutuan Bizkaiko boulder txapelketa irabazita hasi zenuen urtea. Zelan joan dira horren ostekoak?
Azaroan, Espainiako boulder eta soka txapelketak irabazi nituen,18 urtez azpiko mailetan. 

Inoiz parte hartu duzu Europakoan? 
Bai. 14 urtegaz Belgikan egon nintzen, eta 15egaz Austrian, Frantzian eta Ingalaterran. Ikastera joan nintzen. Azkenean esperientzia behar duzu, ze hemen inguruan ez dugu konpetiziora moldaturiko rokodromorik. 

Urte hau amaitzear dago. Zer eskatzen diozu 2023ari?
Espainiakoak berriro irabazten ahalegintzea, Europakoan lan ona egitea eta arrokan beste 8c edo 8c+ bat lortzea. 

Hemendik 10 urtera eskalatzen ikusten duzu zeure burua?
Bai. Argi dut ez dudala bizitza osoan lehiatzen aritu gura, baina arrokan jarraituko dut, asko ematen dit eta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!